2015-11-26

BIRIBILGUNEA




BIRIBILGUNE
Katixa Dolhare-Çaldumbide
(Elkar-Iparluma, 2014)



           Baionako Inmigrazio Irregularraren aurkako polizian egiten du neska detektibeak, Harriagara –bere herrira– bueltatu berri dena. Tyago deituriko proxeneta baten atzetik joango da Senegaleraino; eta, bide batez, bere auzo gaztetxoaren – Sibulunbairen– amaren bila. Dakarreko egonaldi zoragarriaren ondoren Paris ondoko Meaux hirira bueltatuko da detektibea. Han kolegio batean langile ibilita, lortuko du ikerketa burutu ahal izateko behar adina datu eta informazio.

           Egia esan, istorioak ez du egia antza handiegirik. Kasualitate gehiegiak sinesgarritasun urria dakarkio narrazioari. Pertsonaiak singleak dira, alde bakarrekoak; hala ere, atsegin egiten zaizkigu. Ez dugu protagonista nagusiaren izena jakitera iritsiko (horrek oso urduri jartzen nau).

           Ez dago denbora saltorik eta kontakizunaren haria argia eta jarraierraza da. Neska detektibearen pentsamendua tarteka azaltzen zaigu pasarte batzuetan. Akzioa alde batera utzita; Euskal Herria, inmigrazioa, emakumearen egoera eta abarrei buruzko iritzia emango digu protagonistak.


           Hasieran oso bitxia egingo zaigu euskalkia, baina berehala hartuko diogu tamaina eta gozatzera helduko gara. Iparraldean zer idatzi eta irakurtzen den ezagutzeko parada.

Rafa L.






No comments: