2015-10-02

IRAKASLE DESAGERTUAREN KASUA



LAU LAGUN ETA ERDI – 1
IRAKASLE DESAGERTUAREN KASUA (1995)
Joachim Friederich
(Giltza, 2009)


            Eskola berean dabiltza gure lau lagunak: Estefani, Errefautxo –neskaren anaia–, Txarli eta Fede. Federi izugarri polita iriditzen zaio Sulte-Stratmann andrea, Natur Zientzietako irakaslea. Ia-ia maiteminduta dagoela esango dute bere lagunek. Irakaslea beti izan da egoskor samarra, zorrotza eta ikasleekin lagunkoikerietan ibiltzearen ez oso lagun.
            Bat-batean, Sulte-Stratmann andreak izugarrizko aldaketa egingo du: arropa garestia, auto deportiboa… Banku lapurreta egon da horietako egun batean. Kasualitatea ote? Legez kanpoko zerbaitetan nahastuta egongo al da Naturrekoa? Izan ere, guztiz ezohizko lekuetan eta jende arraroarekin ikusi izan dute lau lagunek eta Xarmantek –Fedek kalean topatu duen txakurtxoa, taldea osatzeko falta zen lagun erdia–.
            Federi izugarrizko bihotzondokoa emango lioke bere irakasle kuttuna poliziari salatu behar izateak. Baina oso-oso da susmagarria.

            Kontaketa arina eta erakargarria da. Pertsonaiak atsegin eta sinpatikoak egiten zaizkigu. Ausardia behar denean, ausartak izango dira. Eta beldurra pasatakoan, bere izua aitortuko dute lotsarik gabe. Gustu askoz izango ginateke gu horren koadrilla jatorrako kideak.

            Merezi du irakurtzeak. Aspaldian idatzitako abenturak badira ere (jendeak telefono-kabinak erabiltzen zituen deiak egiteko!), oraindik erakargarri egiten zaizkigu. Gustukoa izan baduzue serieko lehenengo hau, zortekoak zarete: Lau lagun eta erdik pilo bat abentura liburuak dauzkate, eta eskura dauzkagu gehienak "e-liburutegia"n.

            Eskolako gazteenentzako egokia, besteei infantilegia irudi dakizueke. 

Rafa L.






No comments: