2015-09-03

HADA BATEN HEZIKETA


HADA BATEN HEZIKETA
Didier van Cauwelaert
(Erein, 2008)


            Nicolasek Raoul gaztetxoa eta Ingrid, honen ama, ezagutu eta elkarrekin gustura egonda, batera bizi izaten jarriko dira Nicolasen landetxean. Izugarri maite du Ingridek bere lana. Ezer berezirik gabe, Nicolas eta Ingriden arteko harremana hoztutzen doa, eta inor minduta suerta ez dadin eran bereizteko ahaleginduko dira. Raoul ez da konforme.

            Gorriak ikusita, Iraketik Pariseraino etorritako neska gaztea da Sezar. Supermerkatuko kutxan lan egiten du. Nicolas bere ilaran jartzen da beti. Begirada gutxi batzuekin eta behar baino gauza ezdeus gehiago erosita elkarrekiko erakarpen intimo moduko bat sortuko da bien artean. Egun batean elkarri kontatuko dizkiote beren kezkak.

            Nicolas etorri artekoan, aitarik gabe bizi behar izan duen Raoulek ez dio zorionari ihes egiten utzi nahi eta edozer egiteko prest dago, baita hada bat topatu eta hari arauzko desioak kunpliaraziz, Ingrid eta Nicolasen artekoa zuzen dadin lortu.

            Egungo Parisen burutzen da istorioa. Pertsonaiak nahikoa sinesgarriak. Puri-puri dauden hainbat gai ukitzen ditu kontakizunak: emakumearen eskubideak, inmigrazioa, kulturen talka… gai konplexuak, nekez askatzeko moduko korpailoak irtenbide majiko ezean. Baina, zorionez, bada soluzio hori; zertarako bizi dira hadak, bestela?

            Zailtasunak ditu liburuak. Batzuetan hausnarketa sakon eta luzeegitan murgiltzen da. Itzulpenak, garbizaleegia agian, irakurketa lasai-patxadatsuari traba egiten dio maiz.
            Baina merezi du nekeak: istorio garratz, gozo eta zoragarria. 

Rafa L.






No comments: