2013-08-16

ZUBI HAUTSIA

 











ZUBI HAUTSIA
Philip Pullman
(Erein, 2005)

               Ginny Galeseko herrixka batean aitarekin, Tonyrekin, bizi den 16 urteko neska da. Bat-batean ezagutzen ez zuen anaia, Robert, zeukala jakin du gazteak eta Tony mamam ez zen Janetekin ezkonduta egon dela oraintsu arte. Janet hil berria da eta  Llangynogera etorriko zaie Robert beraiekin bizi izatera.  Etorkizuna eraikitzen hasteko ereduen bila dabil Ginny. Aitari, gizarte-laguntzaileari, aitona-amonari galdezka, bere erroen bila hasiko da Ginny eta itaunak eta zalantzak pilatzen zaizkio. Bera jaio eta berehala hildako ama artista –Anielle- izan zitekeen, agian,  bide zuzenaren erakusle-aintzindaria. Rhianon lagunak esanda badaki aukeratu behar izango duela besteekiko atsegina ala sexya (indartsua) izan nahi duen, baina hautatu ezinik dabil neska. Bere bizitzan garrantzi apartekoa izan behar al du azal ilunekoa izateak?

                Pertsonaia gehiago azalduko zaizkigu, bakoitzak bere neura apurtxoa gehituz nahastean: aitona jipoitzen duen amona, Ginnyk ligatu nahi izan duen Andy lagun homosexuala, Joe Chicago oso ondo ez dakigun zertan dabilen “txupaz” jantzitako mutil konfliktiboa… eta beste batzuk gehiago.

                Pertsonaia gehiegi, elkarrekin loturatik gabeko soberako gauza gehiegi kontatu nahi: maltratoa, vudua, zubi batean behinola gertatu izandako istripua, margolaritzari buruzko komentario trinkoegiak gehi ulergaitzak egiten zaizkigun galeserako hitz dexente… irensteko nahiko lehor egiten den ore pisua osatuko da. Baina iritzi honekin larregi fidatu gabe, irakasleok ez baikara gehiegi enteratzen nerabeen gauzekin, ondo legoke liburuarekin saiotxoren bat egitea.

 Rafa L.


 

Beste hizkuntzetako irakurleen iritziak jakin nahi izanez gero:






10 comments:

Anonymous said...

Ginny Ingalaterrako aita eta Haitiko ama duen neska bat da. Aitak,ama hilda daukala esan izan dio beti Ginnyri. Ginny eta bere aita bakarrik bizi izan dira, baina behin, anaia daukala esan dio Ginnyren aitak,eta beraiekin bizitzera etorriko dela. Orduan Ginny bere jatorria aztertzen hasten da eta bere ama bizirik duela ohartzen da. Tartean,istorio asko kontatzen dira, zubi hautsiarena,Joe Chicago ere agertzen da … Pertsonaia gehiegi agertzen direla uste dut, eta pasarte askotan astuna egiten da. Hala ere,liburu polita da. Animatu irakurtzera!
Iker A. 3.A(2013-14)

Anonymous said...

Ginny Galeseko herri txiki batean bizi den neskato bat da. Berak uste du ama hilda duela, eta gainera aitak ez dizkio esaten gauza asko, adibidez, anaiorde bat duela, edota bere ama ez den beste emakume batekin ezkondua dagoela. Horregatik Ginny erantzunak bere kabuz bilatzen hasten da eta horrela sekretuak pixkanaka-pixkanaka argitu egiten dira. Adibidez bere ama bizirik dagoela,...

Aitor Agirre 3.B (2013-2014)

Anonymous said...

Niri Zubi hautsia liburua ez zait asko gustatu, istorio nahasia eta irakurtzeko zaila iruditu zaidalako. Istorioko protagonista Ginny izeneko neskatxa bat da. Ginnyk bere aitarekin bizi da, eta honek esaten dio bere ama hilda dagoela. Istorioa aurrera joan ahala Ginniry hainbat duda sortzen zaizkio bere amaren heriotzaren baitan eta Ginny ikertzen hasten da. Gainera Ginny zubi hautsia izeneko istorio zahar batetan interesatua dago. Bestalde Ginny anai orde bat duela ohartzen da. Azkenik, bere amaren baitan dituen dudak bere aitak argitzen dizkio. Nik liburu hau liburu nahasiak gustatzen zaizkien pertsonei gomendatuko nioke.
Iñigo O. 3B (2013-2014)

Anonymous said...

Ginny neska beltzaran bat da, bere aitarekin bizi da, bere aita zuria da, txikietatik aitak esan dio bere ama hil egin zela, baina gezurra da eta konturatzen denean informazioa bilatzen hasten da eta bere amaren bila, bere ama bilatzen dabilenean gauza gehiago jakiten ditu. Liburu hau gustatu zait, entretenigarria eta polita iruditu zait.
Naroa O.
(2014-2015)
ARALAR B.H.I

Anonymous said...

Zubi hautsia liburua irakurri dut, ez zait batere gustatu. Ginny izeneko neska bat aitarekin bakarrik bizi da. Goiz batean etxerako bidean emakume bat aurkitzen du etxeko egongelan eta zerbait gaizki doala ohartarazten da. Aita bizi guztian gezurretan ibili dela konturatzen da eta bere senideen bila joaten da egia jakiteko. Liburu hau patxararekin irakurtzen duen jendeari gomendatzen diot.

Maddi Uria 3-A (2013-2014)

Anonymous said...

Liburu hau ez zait batere gustatu, luzea eta pisutsua egin zaidalako. Istorioa Ginny izeneko neska bati buruz doa, bere aitak esandako gauza gehienak gezurrak direla jakiten du eta bere kabuz egiak bilatzen hasten da. Liburu hau, irakurtzea gustatzen zaienei bakarrik gomendatuko nieke, bestela nazkatuta bukatzen duzulako, luzeegia baita.

Uxue Benavente 3.A

Anonymous said...

Egia esan liburua ez zait asko gustatu. Baditu zati entretenigarriak baina batzuetan ez nintzen konturatzen gertatzen ari zenaz. Istorioa ez dago gaizki, baina nire ustez, liburua gustatzeko ondo ulertu behar duzu zer ari den gertatzen, bestela nahastu eta aspertu egiten zara. Horretarako lasai eta adi irakurri behar den liburua dela uste dut.
Irakurtzea gustatzen zaien pertsonei gomendatzen diet liburua, gehien bat gazteei.
Ane Roman 3A

Anonymous said...

Egia esan liburu hau gustatu zait. Oso entretenigarria egin zait. Istorio hau Ginny izeneko neska bati buruz doa. Egun batean aitak gauzak ezkutatzen zizkiola eta gezurra esaten ziola jakin zuen. Istorioa aurrera doala Ginnyk bere ama bizirik dagoela jakiten du. 14-15 urteko gazteei gomendatuko nieke.

Uxue Agirrezabala. 3B

29/05/19

Anonymous said...

Zubi hautsia liburua ez zait asko gustatu, istorio nahasia iruditu zait; pertsonai gehiegi eta pasarte askotan astuna egin zait.
Ginny, aita ingelesa eta ama haitiarra dituen neska, bere aitarekin bizi da. Aitak ama hilda dagoela esaten dio, baina ohartzen denean aitak gauza asko ez dizkiola kontatzen, bere jatorria zein den ikertzen hasten da. Bestalde, anaiordea bat baduela ere jakiten du. Azkenean, ama bizirik dagoela argitzen du.
Liburu hau, luzea denez, irakurtzea gustatzen zaienei gomendatuko nieke.

Neia Iturrioz 3C


4/6/19

Anonymous said...

Zubi hautsiak liburua irakurri eta gero, dinamikoa baina adi irakurri beharrekoa iruditu zait. Liburuan zehar pasarte ezberdin dexente kontatzen ditu eta une batzuetan, aria jarraitzeko, bi aldiz irakurri behar izan ditut atal batzuk. Ginny izeneko nexkatxa baten istorioa eta haren familia arteko gora-beherak deskribatzen ditu idazleak. Atal batzuetan pertsonaiaren sentipenekin era bat identifikatuta sentitu naiz. Gure adineko neska-mutilentzako, idazleak gai aproposak lantzen dituela iruditzen zait. Liburu hau irakurtzea asko gustatzen zaien gazteei gomendatuko nieke. Hasieran aria hartzea kostatu arren behin hasita istorioan murgiltzen zara.

Malen Garmendia 3C