2006-10-19

BIZITZAREN GESALA



BIZITZAREN GESALA
Marin Estrada, Pablo Anton
(Elkar, 2000)


Hau da Elkar argitaletxeko webgunean libru honi buruz dagoen iruzkintxoa:

Iniziazio-eleberri eder honetako narratzailea eta protagonista mutiko gazte bat da, bere osaba marinelaren irudi bohemio eta abenturazaleak guztiz liluratuta daukana. Osabaren irudiak eragiten dion mirespena dela eta, marinel izatea erabakitzen du berak ere. Aurki ezagutuko ditu zeruertzeko lerro irestezina zeharkatzeko irrika dutenei itsasoak gordetzen dizkien edertasuna eta gogortasuna.

Animatuko al zara irakurtzen?

2006-06-29

ZER IRAKURRI UDAN?

ZER IRAKURRI UDAN?

Uda zoriontsurik nahi ?
Zoriontsuagoak izateko irakurri !

Blog honetan hainbat libururi buruzko artikulutxoak dauzkazue. Baduzue beraz non aukeratu! Noski, liburutegi edo liburu-dendatik bueltatxo bat egin dezakezue azken boladan merkatura atera diren beste batzuk ezagutzeko. Nik udan hauek izango ditut mesanotxean eta, agian, datorren ikasturteko irakurgaien artean egongo dira:

Inork ikusi ezin duena

Sinclair Smith
Elkar

Kale gorrian
Robert Swindells
Elkar

Erregearen mezularia
Toti Mtz. De Lezea
Zubia

Dantzaldia
Irene Nemirovsky
Txalaparta


Kontatuko dizuet irailean!
Ondo pasa eta tope irakurri (bidaiatzeko era merkeen, azkarren, erosoen eta kitzikagarriena)


Rafa L.

2006-02-15

GLORIA MUNDI


GLORIA MUNDI
Fernando Morillo
(Elkar, 2004)


Energia nuklearrari gizakiek emandako erabilera ikusita, Munduko zientzilari ospetsuenek energia berri iraultzailearen sekretua gordetzea –aktiboki gorde ere- erabakiko dute, aurkikuntza, berriro, gerrarako erabilia izan ez dadin.
Donostiako zientzilari gazte batek –Mireiak- bere kasa topatuko du Sekretu Handia eta honek ekarriko dio heriotza. Josebak, Mireiaren nobio ohiak, mezu bat jasoko du eta jasotzearekin arazoan sartuko da buru-belarri. Bere kazetari lana utzita ikerlari izango da Amaiaren laguntzaz.

Nobelan bi kontakizun nahasten dira. Bata, XX. mendearen erdialdean kokatuta, zientzilari ospetsu batzuen gorabeherak eta ardurak kontatzen dizkiguna, interesgarria, baina gure arreta eta fisikarako zaletasun apur bat eskatzen dizkiguna. Bestea; euskal zientzilari pobre superjakintsuak, detektibe afizionatu superheroiak eta neska madlemanak, CIAko agente parearekin –kubatar ankerra eta kankailu lerdoa- duten istorio naif eta sinesgaitz samarra. Morillo gaztetxoentzako kontaketa eran lotuta geratzen da eta liburuak aurrera egin ahala, indarra galtzen doa istorioa. Azkeneko ezusteari ez dio behar adinako etekinik ateratzen.

Morillok helduen literaturara salto egin nahi izan du, baina erdibidean geratu da. Helduei istorioa oso xinplea egingo zaizue eta gaztetxoei irakurtzea zail eta luze egingo zaizue agian. Zientzia zale edo Morillo zale porrokatuentzat bakarrik!

Rafa L.

2006-02-01

ZERTARAKO HAU GUZTIA?

Irakurzaletasuna bultzatzea obsesio moduko zerbait bihurtu zaigu azken bolada eskoletan. Zergatik ez dute gazteek irakurtzen?
Zer agintzen diegu irakurtzeko?

Irakasleok, gure xalotasunean, besteez fidatzeko joera handiegia dugu. Hau dela eta, askotan jotzen dugu egunkarian, Argian, Kalegatsen edo beste edonon gomendatutako liburuak zuzenean agintzera irakurketa gisa.
Horra hor hanka-sartzea! Zaborra gehiegi dago gazte literaturan, eta kritika beharrean ia dena da promozio hutsa.
Ni behintzat ondo eskarmentatuta nago eta, dagoeneko, ez dut inoiz gelan gomendatzen nik irakurri ez dudan libururik!.

Iritzi horiek bildu nahi genituzke blog honetan: alde batetik, irakasleen iruzkintxoak; bestetik, ikasleenak.
Liburutegian jarri ohi dugun iritzi-koadernoa izan nahiko luke honek.
Asmatuko ote dugu?