ZERUA GAINBEHERA DATOR
Lorenza Mazzetti
(Igela, 2012)
Baby
eta Penny neska koskorrek gurasoak galdu dituzte istripu batean. Aurrerantzean
osaba Wilhelmen landetxean biziko dira haren familiarekin. Hasierako une
gogortxuak pasa ondoren ahizpa biak ohitu egingo dira osabaren zorroztasunarekin,
Marie eta Annie lehengusuen bitxikeriekin eta izeba Katchenekin. Landa
bizitzako alde zoriontsua gozatuko dute bete-betean.
Italia
gudan dago eta herrialdearen zati hura oraindik Mussolini eta nazien menpe. Umeak
Ducearen eskolan diktadorea maitatzera ere iritsiko dira. Eta apaizaren
irakaspen erlijioso itogarriaren eraginez ia agerpen mistikoak direnak hasi
dira irudikatzen. Baina neskak, ia jakitun izan gabe, guztia gaindituz libre eta zoriontsu biziko
dira lehengusuekin eta herriko nekazarien seme-alabekin. Baina bada zerbait mehatxugarria
airean.Izan ere, gerrak bere bidea egingo du eta piano hots atseginak kanoien burrunbak bihurtuko dira. Eta umeen alaitasunak samin mingotsari utzi beharko dio bidea. Isuriko den odola ez da soilik borreroek etxeko atarian akabatutako animaliena izango. Bukaera hain da bat-batekoa eta bortxazkoa non eta, nahiz eta aurretik zerbait susmatu, bihotza txingurrituko baitigu.
Kontakizuna
oso kapitulu motzetan banatuta dago. Penny bera da narratzailea eta horrek
gertuagotik biziaraziko digu historia. Pertsonaiak oso ondo taxututa daude, ez
dira izango bada!, Lorenza Mazzettik bere haurtzaroan bizi izandako une latzak
kontatzen ditu nobela autobiografiko honetan.
Liburu
hau Xabier Olarrak itzultzaileak gomendatu zigun Tolosako Galtzaundi Irakurketa
Taldean eta hari esker ezagutu dugu eta maitatzen hasi. Mila esker
bihotz-bihotzez, Xabier.
Nesken irudia http://www.pbase.com/image/119651382
5 comments:
Penny eta Baby bi ahizpa umezurtz dira, eta osaba-izeben etxean bizi dira, gurasoak istripu batean hil baitziren. Penny da protagonista eta berak emango digu haien bizitzaren berri. Liburu honetan Italiako egoera nolakoa izan zen ere ikusten da, Mussoliniren garaia hain zuzen ere. Eskolan diktadore hau maitatzen irakasten diete eta erlijio katolikorantz bultzatzen dituzte haur guztiak, arazoa ordea hauen osaba Wilhelm judutarra dela da. Ez zait asko gustatu liburua, luzea eta aspergarria egin zait. Hala ere ondo legoke irakurtzea, Italian nola bizi ziren jakitea interesgarria izan daiteke-eta. Beraz nahiz eta ez izan oso entretenigarria, Lorenza Mazzettiren liburu hau irakurtzea gomendatzen dut.
Irantzu Z. 4B (2013-2014)
"Zerua gainbeherra dator" ez zait oso interesgarria iruditu. Liburu hau gustatuko zitzaidalakoan aukeratu nuan baina irakurri hainean aspergarria egin zait. Bertan bi ahizpek beren osabarekin duten bizitza azaltzen du Pennyk (ahizpa zaharrenak). Irakurtzeko ez da beste liburu batzuk bezain erraza, baina ongi ulertzen da. Norbaitek irakurtzeko gomendatuko niokeen edo ez galdetzean ez nioke esango irakurri edo ez alde batetik ongi baitago.
Janire M. 4B (2013/14)
Nik “Zerua gainbehera dator” izeneko liburua irakurri dut. Bertan bi neskato, Baby eta Penny, dira protagonistak eta beraien ikuspuntutik nolakoa den gerra ikus daiteke, honela begiratuta zirraragarria da, umeen ikuspuntua oso desberdina izaten baita.
Gai erlijiosoei buruz ere hitz egiten da liburuan eta nire ustez “deabrua” gehiegitxo azaltzen da gauza onerako.
Egia esan historia, amaierara arte, nahiko aspergarria iruditu zait, baina, irakurterraza kapitulu motxak baititu. Amaiera azkarregi gertatzen delako inpresioa izan dut, bat batean soldaduek bi ahizpa hauek gehien maite dituztenen hilketa egiten dutelako eta beren osabak bere buruaz beste egiten duelako.
Eneritz Iturbe 4B
2013-2014
Liburu hau ez zait batere gustatu, nahiz eta ez dauzkan orrialde asko, irakurtzea oso luzea eta pisutsua egin zait. Penny eta Baby bi ahizpa umezurtz dira, eta osaba-izeben etxean bizi dira, Toscanan. Pennyk haien bizitzaren berri emango digu: eskola, eliza... Helduen kezka eta arazoetatik urruti, zoriontsu bizi dira Penny eta Baby. Hala ere, Bigarren Mundu Gerraren amaieran gaude, eta osaba-izeben villara ere iristen dira soldaduak halakoren batean. Horrek hankaz gora jarriko du guztien bizimodua: zerua gainbehera datorkiela sentituko dute. Izan ere, osaba-izebak juduak dira. Liburuan erlijio kontu asko aipatzen zituen eta nire ustez horregatik egin zait horren pisutsua.
Maria G.
4B(2013-14)
"Zerua gainbehera dator" eleberria Bigarren Mundu gerran kokatutako eleberri bat da. Bi neskatila, Penny eta Baby, osaba-izeben etxean bizi dira, gurasoak hilda dituzte eta. Emango ez balu ere, Penny eta Baby oso zoriontsu bizi dira, arraza-faxismoaren eta nazismoaren jazarpenak villara iristen diren arte. Liburu hau asko gustatu zait, erlijio kontuak asko gustatzen zaizkit eta. Pennyk bizitzarekiko duen ikuspuntua ikaragarri gustatu zait. Liburu hau gerra eta erlijio kontuak atsegin dituen edonori gomendatuko nioke.
Aratz I.
4B(2013/14)
Post a Comment