
MAITASUNA BESTERIK EZ
Marliese Arold
(Elkar, 2007)
Neska “arrunta” da Sandra. Baina nondik eta nola ez dakielarik, orain artean bere lagun minekiko -mutila- sentitutakoarekin zerikusirik ez daukan zerbait hasiko da sentitzen Meikerekin. Meike, neska konprometitua etxean, gazte mugimenduan, antzerkigintzan... erakargarria egin zaio Sandra neska pija-ri. Hasieran, honek, beste neskarekin maitemintzeak, izugarri aztoratuko du Sandra; baina gerora, onartu, lasaitu eta amodioaz gozatzen hasiko da.
Akzioa Alemanian-edo burutzen da. Atentzioa ematen du nobelan gazteek daukaten dibertitzeko era: dena kontsumitzean datza, erosi, erosi eta erosi. Eta istorioan agertzen zaizkigun gaztetxoak, gure artekoekin konparatuta, luxuzko baldintzetan bizi direla ematen du.
Hainbat kritikatan homosexualitatea era ausarta agertzen duen liburua dela irakurri ahal izango duzue; baina protagonista bere sentimenduekin konturatutakoan, bere buruaren etengabeko justifikazioan arituko da.
Idazleak tesia –homosexualitatea ez dela ezer txarra- mantendu eta azpimarratu behar izanak kontakizuna zapaldu eta asperduraren gurpilean sartzen du gehiegitan.
Rafa L.