2011-12-20

COCA-COLA ERDI AROAN


COCA-COLA ERDI AROAN
M.A. Mintegi
(Ibaizabal, 1999)



Espeleologia zaleak dira Aitor eta Mikel. Behinola bere afizioan zihardutela, “istripu” berezia izanda, amildu egin dira denboraren zurubian eta Erdi-Aroraino lerratu egin dira, elkarrengandik galdu eta abenturan hasi.

Ahaide Nagusien arteko liskarren garaia da, Ataun inguruak oso daude diferente. Jendea estuasun handietan bizi da: beldurrak eta pobrezian.
Aitor bere lagunaren bila hasiko da berehala eta Diegorekin elkartuko da. Bahitu egin dioten maiteñoaren bila dabilen mutila da Diego. Gazte biek elkarri lagunduko diote bere adiskideekin atzera elkartzeko.

Asko argitzen ez den historia-saltoaren amarrua erabilita, antzinako euskaldunen bizimodua erakusten digu idazleak eta, bide batez, egungo gure bizimoduarekin konparaketa egiten.
Leku izenen hesiak mugatu egiten du apur bat kontakizunaren eremua, baina istorioa erakargarria suertatzen da goierritarrak ez garenontzat ere.
Pertsonaiak oso gainetik daude marraztuta. Etengabe daude mugimenduan eta, noski, ezin haien argazki txukunik egin. Akzioa da nagusi; azkar doa istorioa.

Inoiz irakurri ez baduzu Mintegiren libururik, hau izan liteke abiapuntu aproposa. Aldiz, ni bezala, liburu honetara iristen bazara Mintegiren ondorengo beste lan batzuk ezagutu ostean, “Coca-Cola Erdi-Aroan” honi berde kutsua aterako diozu; idazle ataundarraren ondorengo lanak askoz ere borobil eta landuagoak baitira. Baina, hala ere, sasoi hasierako fruituen grazia berezia hartuko diozu istorioari.

Rafa L.

Idazleari buruz gehiago jakiteko:
http://www.idazleak.org/euskara/idazleak/migel-anjel-mintegi-larraza?q1=

2 comments:

Anonymous said...

“Coca-Cola” Erdi Aroan izeneko liburua oso polita iruditu zait. Abenturazko liburu hau asko gustatu zait eta oso ondo pasa dut berarekin. Nire pertsonaiarik gogokoena Aitor izan da, ausarta, adoretsua eta gehienbat ez duelako inoiz Mikel bilatzeari uko egin. Pasarterik gogokoena aldiz “Athauneko” dorrera sartzerakoan izan da. Liburu honek eragozpen txiki bat ere badu, bizkaieraz idatzita dagoela. Hasieran dezente kostatzen da ulertzea, baina bukaerarako dena ulertzen da. Nik liburu hau edozeini gomendatuko nioke, hori bai abentura gustatu behar zaio.

Manex Karrera 3B 2011-2012

Anonymous said...

Kaixo, nik “Coca-Cola Erdi Aroan” liburua irakurri dut. Liburu hau polita eta interesgarria iruditu zait. Ez da oso luzea eta gogoz hartuz gero, erraz irakurri daiteke. Bi mutil dira protagonistak eta denboran atzera egiterakoan Erdi Aroan gertatzen zaizkien abenturak kontatzen dira. Nire ustez, izenburuak ez du zerikusi handirik istorioarekin, Coca-Cola-k ez duelako garrantzi handirik istorioan. Historia gogoko duzuen guztiei gomendatzen dizuet liburu hau.

Maider A. 3A (2011-2012)