2009-01-12

EGUZKI BELTZAREN SEKRETUA


EGUZKI BELTZAREN SEKRETUA
Alberto Ladrón
(Elkar, 2004)







Espainiako Guda Zibila bukatu ondoren, Iparraldera pasa eta han antolatzen dira Euskal Gobernuko kide eta zerbitzuak. Frantzia eta Ingalaterra faxistek Europan daukaten gorakada ekiditen saiatuko dira eta langintza honetan aldeko izango dute Eusko Jaurlaritza. Europan faxismoa garaitu ondoren, aliatuak Espainian sartu eta Franco botako dutelako esperantzan arituko dira euskaldunak.

Eratu berri den Euskal Espioi Zerbitzu xumeari egokituko zaion estreinako lanaren kontakizuna da liburuko istorioa. Izan ere, naziek sekretu handian antolatu eta burutu zuten “Eguzki Beltza” operazioaren nondik norakoak argitu beharko dituzte espioi euskaldunak.
Oskar, espioi hasi berria izango da protagonista eta Aberriaren alde egindako lana gisa hasten dena, bere bizitza pertsonala goitik behera iharrosiko duen esperinetzia bihurtuko da.

Nahikoa egiantzez hasten den istorioa, luze gabe –tamalez- guztiz sinesgaitza den kontakizun fantasioso bihurtzen da. Pertsonaiak oso sinpleak dira eta kontatutako ekintzak nahiko inozoak. Akzioak eta korapiloak oso era sinplean askatzen dira.
Kontakizuna lineala da, oso prebisiblea, motela eta kontatutakoak ez du egiantzik. Ez dakit historikoa den nazien sineskeriei buruz kontatzen zaiguna, baina ezetz egingo nuke. Indiana Jones-en eragina ere suma daiteke atal batzuetan.

Kontatze-era bera gordina da, leundu gabekoa. Badirudi rodajea falta zaiola egileari eta hitzak bezatzen trebatu beharko duela. Liburua bukatzea kostatu zait.
Rafa L.

1 comment:

Anonymous said...

Eskerrikasko! Nire azterketa asko erraztu didazu...