2006-12-30

1280 ARIMA

1280 ARIMA
Jim Thompson
(Igela, 2006)






Hau da liburuaren kontrazalean topatuko duzuena:


Nick Corey, Pottsvilleko sheriffa, kezkaturik dabil. Ez daki zer arraio egin. Ez du argi ikusten orain dagoen kargurako berriro hautatuko duten ala ez. Ken Lacey aldameneko herri bateko sheriffari joango zaio aholku eske. Bi putazain aspaldian adarra jotzen ari zaizkiola-eta, zer egin behar duen erakusten dionean, berehala beteko du haren esana: jo'ta bertan garbituko ditu biak. Hori hasiera besterik ez da... Ez da erraza aurkitzen eleberri beltzaren mundu osoan Nick Corey bezalako pertsonaia bitxi eta barne-bihurririk, berezko makiabelismoz hain hornitutakorik, oharkabean ere beti azioren bat hain erraz egin dezakeenik. Baina, aldi berean, erdi ergela dirudien sheriff hau, itxurakeriak alde batera utzirik, gauza da boterearen izaera egiazkoa agerian uzteko: giza harremanen katramila askaezinak gain hartzen dionean, parean jartzen zaiona aurretik kentzeko joera nabarmena.

NOSEY PARKER




Liburua irakurri ondoreneko gure iruzkina:


XX. mendearen hasiera da AEBetako hegoaldeko estatu batean. Nick Corey Pottsville herrixkako sheriffa da. Sheriferako hauteskundeak badatozela-eta, arduratuta dabil Nick, bere postua gal dezakeelako. Bere herrikideen konfidantza irabazteko lanari ekin beharrean; bere nagikeriak, harrokeria, tripazalekeria eta sexu-apetak momentuan eskatutakoa asetzeari ematen dio lehentasunak sheriffak. Eta tonto samarra ematen duen Nick anker honek bere ingurukoak erabiliko ditu bere nahiak –askotan burugabeak- bete ditzaten. Pertsonak erabiliko ditu etengabe bere joko baten piezak balira, inongo gizatasunik erakutsi gabe.

Ez da teknika handiko nobela, kontakizuna era linealean ematen zaigu inongo apainketa teknikorik gabe. Izan ere, nobela honetan harritu et asaldatu egingo gaituztenak ekintzak baitira: gordinak, basatiak, sinestezinak. Behintzat, sinesgaitzak izan zitezen nahi genituzkeen ekintzak; baina, tamalez, litekeenak direla onartu behar ditugun ekintzak. Pasadizo lazgarriak, bukaeran ez-gizontzat joko dugun pertsonaia baten gorroto ilun eta basatiak eragindakoak.

Oso gaude ohituta horrelako istorio (historia?) gordinak zineman ikusten; baina, liburuan emanda oraindik gogorragoak egiten zaizkigu; agian gure burua horrelako gauzak irudikatzeko eta idazlearekin batera gure barnean sortzeko gai garelako konturatzen garelako.

Liburu gogorra da. Oso baikor eta indartsu sentitzen bazarete, irakurri dezakezue; bestela, beste baterako utzi.


Rafa L.



No comments: