2008-05-09

MORTO VIVACE


Morto Vivace
Jon Arretxe
(elkar, 2007)
Beste lan arintxo batekin datorkigu oraingoan ere Jon Arretxe. Gutako bateren batzuek espero genuen “Kleopatran” ezagutu genuen Simon Artabe detektibeak argituko lukeen beste kasuren baten berri izatea. Baina ez da horrelakorik gertatu eta oraingo honetan, Parisen, Perrot eta Martinez izango dira poliziak, polizia atipikoak, egun osoa kalean ematen dutenak, taxuzko bazkaririk egiten ez dutenak, beltza bat eta “moroa” bestea.

Asesinatze bat egongo da Sena ibaian bidaia turistikoak egiten dituzten barku horietako batean. Hildakoa homosexuala da, Parisera kantatzera etorri den koru bateko partaidea eta, itxuraz, ez oso maitatua bere taldekideen artean. Bi inspektore bitxi hauek kalean gora eta kalean behera emango dute kontakizun osoan, eztakigun nongo CSI-ak kasua “laborategien magiaz” argitzen duen bitartean.

Nahiz eta pertsonaien hizkuntza zinez gogor eta biraoz betetakoa izan -irakurlea nazkatu arte-; horrek ez ditu pertsonaiak sinesgariak egiten. Pariseko “azpimundukoak” erakutsi nahi izan zaizkugu, baina idazleak ez ditu ondo margotu.

Nobela osoa kale, auzo, plaza eta horrelakoei buruzko argibidez beteta dago; non eta –batzuetan- nobela beltza baino, esku artean gida turiskoa daukagula ematen duen.

Simon Artabek kasu berria merezi izan ez bazuen, Pellot eta Martinezek ere betirako oporrak merezi dute.
Rafa L.

2008-04-03

ITSAS LABARREKO ETXEA



Itsas labarreko etxea
Miren Agur Meabe
(Aizkorrri, 2001)


Asko gustatu zait liburua, atseginez irakurri dut. Protagonistak bere nerabezaroko bizipenak ditu hizpide, eta horiek guztiak bere koaderno more maitean ditu bilduak.
Misterio eta maitasun kutsu bat ditu liburuak. Joanak bere lehenengo printze urdina ezagutuko du eta, bestelade, itsaslabarrean etxe misteriotsu bat aurkitzen dute eta, bertan, hainbat abentura eta momentu zirraragarri igaroko dituzte.
Edozeini gomendatuko nioke liburu hau, bereziki nerabe eta misteriozaleei. Anima zaitez irakurtzera, ez zara damutuko eta!

Ainara E. 3B 2007/08



Liburu honetan kontatzen den istoria asko gustatu zait. Joana izeneko gazte batek kontatzen digu 16 urte zitueneko udara hura. Kontatzen digunez, ez da denbora asko pasa uda hartatik, baina uda hark bizitza beste era batera ikustera eraman zuen.
Joanak esaten digunez mutil bat ezagutu zuen egun haietan: Alain. Beraien arteko harremanaz hitz egiten digu liburuan, nahiz eta une zoragarriak pasa elkarrekin, une zailagoak ere etorri ziren Joanarentzat, heriotzak...
Erraz irakur daiteken liburua da eta oso entretenigarria. Animatu eta irakurri!

Alexandra E. 3A 07-08

2008-03-05

PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA





PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA
Iñaki Mendizabal
(Ibaizabal, 2007)


Iñaki Mendizabalek Europako historiako aro gorabeheratsu batean kokatzen du liburu honetako istorioa. XIX. mendearen hasiera da eta Napoleon preso dagoen Elba uhartetik atera nahi izango dute bere aldeko batzuek. Konplotean daudenek Ichtebe Pellot, kortsario euskalduna, aukeratuko dute ekintza burutzeko. Pellot istorioaren protagonista nagusia bilakatuko da.

Ongi funtzionatu zezakeen istorioa da, ideia ona abenturazko kontakizun baterako; baina –gure iritziz- idazleak ez du borobiltzea lortu. Ofizio falta nabari zaio idazleari. Iñaki Mendizabalek itsasoari buruz eta kortsarioei buruz duen jakinduriak egoeren eta pertsonaien sinesgarritasunaren alde egiten badu ere; istorioa lineala, monotono, sinesgaitza eta aspergarri samarra suertatzen da.
Idazleak etengabe erabiliko ditu pertsonaien oroitzapenak betegarri gisa –erritmoa izugarri moteltzen delarik- baita gaizki erantsita dauden bi istorio paralelo: poliziarena eta Janinerena.

Hala ere, kontakizuna azkar irakurtzen da ez baita oso luzea eta Europarako hain garai garrantzitsu horretako historiaren jakinmina pizteko balio izango zaizue.

2008-01-07

HIRU AHIZPA



HIRU AHIZPA
Juan Kruz Igerabide
(Erein, 2003)



Liburuko istorioa, Juan Kruz Igarabide hain gustuko duen samurtasunaren bidetik abiatzen bada ere, bat-batean ikarako ipuin bihurtuko da gizonezkoen -oso ondo ulertzen ez den- grina gaiztoa dela medio.
Egileak gehiegi azpimarratu nahi izan ditu protagonista diren doktorearen maltzurkeria eta neskatoaren ezjakintasun inuzentea. Ondorioz, pertsonaiak lauak eta sinesgaitzak egiten zaizkigu. Bere alabarengatik edozer egiteko presto dagoen ama izango litzateke hezur-haragizko pertsonaia bakarra.
Umeentzako ipuinen itxura duen istorio gordin, lazgarri eta irreal baten aurrean gaude: funtzionatzen ez duen konbinazioa.

Irakasleak ez dizue liburu hau inoiz gomendatuko, baina ikusita, alde batetik, ikasle eta irakasleen gustuak oso gutxitan datozela bat eta, bestetik, ikasleen betebeharren artean irakasleak esandakoaren kontrakoa egitearena dagoela... proba dezakezue!

Rafa L.


Erein argitaletxeko webgunean dagoen informazioak hau dio:

Hiru ahizpa amarekin bizi dira, laurak jostunak. Aita istripu batean hila dute, eta lana gogor eginez ateratzen dute bizimodua. Ahizpa gazteenak osasun-arazoak ditu txikitandik, eta etxe-medikuarengana joaten da sarri. Ikaragarrikeria bat gertatuko zaio gaixoari... Nobela labur honek amandre-ipuin bat ematen du, baina ez da; ipuin beldurgarri bat ere ematen du, baina ez da; ipuin errealista gordina ematen du, eta hori bada, baina ez hori soilik. Arretaz irakurtzen baduzu, inuzentziari eginiko kantu bat entzungo duzu; bizitzaren indarra ikusiko duzu, ikaragarrikeriaren gainetik igarotzen. Azken batean, hiru ahizpak eta ama bat bera dira.

2007-10-10

BALOIKA


Baloika
Aingeru Epaltza
(Pamiela, 2000)



http://kritikak.armiarma.com/?p=162
Armiarman topatuko dugun kritikaren zati bat:

“Ikastola aurrera!” Lutxo Egia / Deia, 2001-02-09

Lehengo batean Felipe Juarisitiri entzun nion ume- eta gazte-literaturan oso liburu onak plazaratzen direla. Ni neu bat nator, guztiz gainera, aipu horrekin. Liburu ugari ez ezik, oso liburu gomendagarriak ere badauzkagu umeentzat zein gazteentzat.

Baina askotan idazleek erabili euskara ederrak helduok ere bultzatzen gaitu horrelako liburuak irakurtzera. Aingeru Epaltzaren Baloika liburu horietako bat da. Liburua zabaldu, narrazioan barneratu eta, une batez, aukera ezin hobea topatuko dugu zein zaharrak garen ahazteko. Ume bihurtuko gara oharkabean.

Mikeltxo ikastolako futbito taldearen atzelaria da. Taldeak martxa ona darama, harik eta El Bordin eskolako taldearen trikimailuen kontra topo egin arte. El Bordin-ek Zerri-fina jokalari beldurgarria dauka. Partida galdu eta gutxira, futbolean jokatu esan beharrean baloika aritu dioen Santi argala azalduko da ikastolara. Mikeltxok-eta Arkasuso deitzeaz gain, erabaki dute ez diotela pelota pasako. Baloia, dena den, haren oinetara iritsi, jokaldi ikusgarriak egin eta hamaika gol sartuko ditu guztien harridurarako. Den-denak aho bete hortz geratuko dira izar berriarekin. Barkatzeko eskatu ere egingo diote, Ibaik izan ezik. Ibai hura izorratzen ahaleginduko da, baina alferrik. Hemendik aurrera, konta ezin daitezkeen hainbat kontu gertatuko dira. Horien berri izateko, noski, irakurri beharko duzue liburua.

Aingeru Epaltza idazle inportantea da gure literaturan, ez dago zertan gogorarazi. Hemen ederto islatzen ditu errealitaterari lotuegiak dauden jazoera batzuk. Agerian geratzen da zenbat traba dauden bere herrian gol bat sartzeko. Futbitoa aitzakia, Nafarroako egoera bereziaren testigantza ederra lagatzen du, ironia handiz gainera. Irakurle ttikienari ere ez zaio ihes egingo El Bordinen eta Ikastolakoen arteko borroka zertan datzan. Nork bere mamuak ezagutuko ditu. Hala ere, Epaltzak badaki oso ondo bere ofizioa, eta agerikoak direnak izkutuan geratuko zaizkigu.

Bestalde, azpimarratzekoa da gure pertsonaia nagusiaren, Mikeltxoren, izaera. Pertsonaia nagusia izateagatik heroia dugu, noski. Baina zer nolako heroia, ordea? Azken orrialdea irakurri arte, idazleak geure buruari galdetzera behartuko gaitu.


2007-09-01

UDAKO INDARTZE NEURRIAK









http://www.igela.com/ -en daukagun iruzkina:



Robert Louis Stevenson
BALLANTRAEKO PREMUA




Robert Louis Stevensonen izena eta ospea batez ere Altxor uhartea eta Jekyll Dk. eta Mr. Hyderen kasu bitxia nobeletan oinarritua bada ere, Ballantraeko Premua miresgarria da bere sakontasun, indar eta pertsonaien anbiguotasunagatik.Stevensonek, idazle bezala heldutasunera iritsirik, bere idazkera-baliabide guztiak kontzentraturik erabili zituen nobela honetan, eta hor datza bere indarra.Bi anaia dira ixtorio honetako pertsonaia nagusiak, lurralde desberdinetan -Eskozia, Frantzia, Estatu Batuak, India- gertatutako abenturak kontatzen zaizkigu, baina nobela honek gizakiaren funtsezko bikoiztasuna barrutik biziarazten digu batez ere.

2007-06-08

JOANAK JOAN







JOANAK JOAN
Yon Etxaide
(1955)

Piarres Topet “Etxahun”en bizitza ematen zaigu aditzera nobela biografiko honetan. Artzain zintzo eta on den Piarres, oso ondo ez dakigula zergatik ote, bere ingurukoen eta bere etxekoen herra gaiztoen helburu bilakatzen zaigu. Azkenerako, bere barneko gaiztoa erakutsiko du Piarresek ere: emaztea jipoitzean, horditzean eta, tamalez, bere lagun mina erahiltzean.
Zoritxarreko azken pasadizo honek protagonistaren bizitza irauli eta mixeriarako bidean jarriko du; preso, pobre, erromes, deslai eta koblakari ibiliko delarik munduan.

Etxaidek, liburuaren protagonista ohoratzearren agian, ez digu egia osoa kontatu; izan ere, gehienetan pertsona zintzo eta on gisa erakusten baitigu zuberotarra. Narratzailea orojakilea da. Pertsonaiak muturrekoak beti: edo zintzoen edo gaiztoenekoak –pastoralaren gisan-, ez oso sinesgarriak beraz.
Kontaketa era kronologikoan ematen da eta erritmo aldakorraz. Hasieran kontakizunak nahikoa “martxita” edukita ere, aurrera egin ahala, indarra eta interesa galtzen ditu eta bukaerarako astuna egiten da zinez.
Idazleak etengabe tartekatuko ditu “moralina” zatiak.

Laburtuz, gerra aurreko nobelen antzera egindakoa da hau eta haien akats eta bertute guztiekin ere egindakoa.






Rafa L.




2007-06-04

ZIGARROTXOA AHOZ AHO


ZIGARROTXOA AHOZ AHO
Antton Kazabon
(Desclee, 2005)



Ezer asko konturatu gabe, ia jolasean; Mizel, zigarrotxotik hasita, drogen mundura lerratuko da. Horrek arazoak ekarriko dizkio eskolan, lagunekin, herrian. Eskerrak laguntza izango duen egoerari buelta ematen hasteko ahaleginetan; aldean izango baititu beti ama eta, bereziki, Alaitz. Alaitz bere betiko laguna ez du etsiko mutila zulotik ateratzeko lanean.

Oso egunekoa da liburua, elkarrizketa bizi eta errealez beteta. Erabat sinesgarriak dira historiako pertsonaiak, horrelakoak ezagutzen ditugu: batzuk ia gure eskolakoak direla esan genezake, gure herriko atso berriketeroak hor daude ere, guraso arduratuak... Oso ondo marrazten da herri txikiko giro itogarri eta kuxkuxeroa.
Elkarrizketan oinarritutako kontakizuna erritmo bizikoa suertatzen zaigu, nahiz eta zenbaitetan errepikapen kutsua hartu.

Oso liburu gomendagarria: erraza, gertukoa, itxaropentsua ere. Irakurri, ez zaizu damutuko.

Rafa L.


e-liburutegian eskuragarri

2007-06-03

BAHITUA


Bahitua
Robert Louis Stevenson
(Igela)



Hona Igela argitaletxeko webgunean topa dezakezuen informazioa:

Ballantraeko Premua, Bahitua, Altxor uhartea... liburu gutxi izango dira literaturaren esparru zabalean hainbeste irakurleren arreta merezi izan dutenak: herri, hizkuntza, kultura eta adin guztietako irakurleak liluratu izan ditu Robert Louis Stevensonek bere idazlanen xarma paregabeaz. Stevensonengan idazlea eta obra maite ditugu, ameslaria eta ametsa, ipuin kontalaria -'Tusitala'- eta ipuina, eta biek irauten dute pareko indarrez. Eta Bahituak bi alde horiek uztartzeko aukera ezin hobea ematen digu bere obra esanguratsuenetako bat ezagutzeaz gain berak hain biziki maite zituen Eskoziako bazterretan barrena eramango gaituelako ohizkoa zuen estilo fin, zehatz eta arinaz bere 'alter-ego'tzat har genezakeen David Balfourren abentura zoragarriak direla medio.

2007-06-02

HIL ALA BIZI


HIL ALA BIZI
R.L. Stine
(Elkar, 2007)

Joana Estatu Batuetan bizi den neska pija bat da. Nahi duen guztia errazki lortzen ohituta dago. Mutilekin ere horrela jokatu ohi du: berak nahi bezala maneiatzen ditu, berak nahi izandakoan hartu edo utzi haiekiko harremanak.
Istripu baten ondorioz, Dex –Joanaren mutil-laguna­­- hil egingo da. Joanak ez du aparteko atsekaberik hartuko eta Dex hilen artetik bueltatu egingo da neska aberaskumeari bere zikoizkeria pagarazteko.
Rafa L.