2013-03-30

DORAK EZETZ DIO




DORAK EZETZ DIO
Isabel-Clara Sim├│
(Elkar, 2012)

 

            Gurasorik gabe geratu ondoren, aurrera egin behar izango du Dorak derrigorrean. Unibertsitatean hasi berriak zituen Biologia ikasketak utzi eta bizibidea ateratzen hasi beharko du. Sara –gizarte zerbitzuetako langilea- izango du lagun eta ia-ia bere ama bilakatuko dena.
            Dora, Sararen lanarekin liluratuta, boluntario gisa hasiko da jendea laguntzen eta honetan diharduela lantxo bat lortuko du irrati batean.
            Baina Marc azalduko da Doraren bizitzan. Marc gizon heldua da, bitxia, ez ohikoa… arriskutsuegia agian eskarmentu handirik gabeko neska batentzat.
            Jakina denez, gurasoak dira gazteen tamal eta zoritxar guztien sorburu, eta gure amorru guztiaren helburu naturala. Baina gurasorik ez badago…?
            Asko ikasiko du Dorak Sara eta Marcengandik, baina azkenerako bere baitan topatu behar izango ditu pozik bizi ahal izateko ezinbesteko diren alaitasun eta indarra.

             Kapitulu bakoitzean gertaera zahar eta berriak ematen dira, era ordenatuan eta denboran kokatzeko inolako zailtasunik gabeko. Doraren bakarrizketa pisu handia du kontakizunean, baina horrek ez du irakurketa zailtzen.

             Pentsarazi egiten digun kontakizuna. Nolakoa izango litzateke nire etorkizuna niri Dorari gertatutakoa suertatuko balitzait? Ausart zaitez horri ere bueltatxo batzuk ematen eta irakurri liburua. Gustatuko zaizu… nik uste.
 
 
Rafa L.



2013-03-10

AURPEGIKO UBELDURAK


AURPEGIKO UBELDURAK
Antton Kazabon
(Elkar, 2010)

Tamalez, puri-purian dagoen gaiari heldu dio Antton Kazabonek bere Aurpegiko ubeldurak honetan. Enara neska gaztea da. Aitak arazo handiak ditu alkoholarekin eta etxeratzen denean ama jipoitzen du sarritan. Egun batean istilua ohi baino gogorragoa da (?) eta Matildek, Enararen amak, bere burua defenditu behar izan du, gogorki defendatu ere.

Idazleak ez digu gaia bere gogorrean erakutsi izan nahi eta “ekaitz” ondoreneko ospitaleko “barealdian”, Matildek bere seme-alabekin eta Erramun lagun zaharrarekin izandako elkarrizketen bidez emango zaigu historia.
Enara amarekin egingo du bat, baina Lukaxek –anaia gazteak- aita behar du eta ama egingo du egoeraren errudun. Lukaxen burutik pasatzen direnak gehiago ezagutu nahiko genituzke.

Akziorik ez eta pertsonaien esandakoan oinarritutako istorioekin askotan gertatzen den
bezala erritmoa erori egiten da liburuaren erditik aurrera. Tesia azpimarratu nahi izatea kontakizunaren kaltean izan da. Hiruzpalau ideia dabiltza jira eta buelta pertsonaia gehienen buruan eta kontakizuna osoan zehar: psikologoaren laguntza, luze hitz egin beharra, barrenak hustu… Konpondu al daiteke horrela arazoa? Agresoreak betiko desagertutakoan agian hori izango da bidea.
Zerbait falta zaio liburuari borobila izateko. Ur handitan ibiltzeko beharrezko ausardiarik gabe ikusi dugu egilea oraingoan.

Rafa L.

e-liburutegian eskuragarri

2013-03-09

PIJAMA MARRADUNAZ JANTZITAKO MUTIKOA











PIJAMA MARRADUNAZ JANTZITAKO MUTIKOA
John Boyne
(Alberdania, 2007)



Kontakizunaren protagonista Bruno da. Bruno gaztetxoa alemaniarra da. Gerran da bere herrialdea. Brunoren aita nazia da, ejerzitoko goi-ofiziala, eta Berlinetik Autsbizera joateko agindua –bertako kontzentrazio-eremua gidatzeko- jasotzen duenean, familia osoa eramango du berarekin. Brunok lagun berria egingo du Autsbizen: Shamuel, hesiaz bestaldeko txaboletan bizi den mutiko erkina.

Egileak umearen ikuspuntutik ikusarazi nahi digu gerra eta horretan murgildurik dauden gizakien sufrimendua, baina hain da berezia (berezkoa?) Brunok inguruan gertatzen direnak aztertzeko duen ikuspuntua, non batzuetan mutikoa errealitatetik kanpo, ezer ulertu gabe, bizi dena uste baikenezake.


Konzentrazio-eremuetan gertatutakoaren berri ez daukan irakurleak basakeria haren berri egiazkoa izango al du istorio hau irakurrita? Zein izan da egilearen asmoa juduen hilketa masiboen hain ikuspegi partziala edo naifa ematean? Karga dramatikoa kentzearren eta sarraskia gordiniki ez erakustearren gezurretan erori al da Boyne?

Galdera asko dira eta erantzuteko zailak. Bestalde ezin liteke uka mundu osoan liburuak izan duen arrakasta. Zerbaitengatik izango.
Liburua erraz eta arinki irakurri daiteke; agian errazegi darabilen gaia kontuan izanda. Zuena da erabakia, irakurri eta iritzia eman.
Liburua garestia da. Hobe liburutegitik maileguan hartzen baduzue.

Rafa L.














2013-03-08

GIZON IZANDAKO MUTILA



Gizon izandako mutila
Patzi Zubizarreta
(Pamiela)


Pamiela argitaletxearen webgunean topatuko duzue informazioa hau da:

Antonio Maria zuen izena, baina denek Gizon izandako mutila deitzen zioten, denek Fabianek izan ezik. Eta Fabianek kontatuko digu zein den Gizon izandako mutilaren jatorria, zein haren historia, eta zergatik sartu zen bandoleritzan, eta nondik nora ibili zen bere ekintzak burutuz, eta norekin, eta, azkenik, ihesaldi gorabeheratsu baten ostean, zer gertatu zitzaion Pirinioetako hiri batean… Fabian izango da hori dena aditzera emango diguna, eta hari denek Tximino esaten zioten, denek Antonio Mariak izan ezik.



Hiru-bat bider irakurri izan dudan liburua da. Eta oraindik ere, -nire ustez- jatorriz euskaraz idatzitako abentura librururik ederrenetako izaten jarraitzen du; ederrena ez bada. Agian, nire ikuspegia partzial samarra da, Zubizarretaren zale porrokatua naizela aitortu behar baitaukat.

Rafa L.


Duela urte batzuk Patxi Zubizarreta etorri zitzaigun eskolara liburu honi buruz hitz egitera. Hortxe duzue idazlea eskolako ikasleekin. Galdetu beraiei luburuari eta Patxiri buruz!

2013-03-07

BALLANTRAEKO PREMUA


Aspaldian irakurri nuen itsas giroko abentura hau eta guztiz erakargarria eta atsegina egin zitzaidala gogoratzen dut. Hau da nik oporretan irakurriko dudana eta prestatuko dut iruzkina.
Artean editorialeko estekan topatuko duzue liburuaren erreseina:

2013-03-06

DENA SUTAN - GOSE JOKOAK II


DENA SUTAN
GOSE JOKOAK-II
Suzanne Collins
(Alberdania-Erein, 2010)


Snow presidenteari desafio handia egin zioten Katnissek eta Peetak, beren burua akabatzeko mehatxua eginez, Gose Jokuetatik biak bizirik eta garaile ateratzea lortu zutenean.
            Garaipenaren ondorengo “Garaileen Biran”, bakegileek gogor isilaraziko dituzten protestak eta istiluak sortuko dira ia barruti guztietan. Katniss eta Peetaren presentzia soilak nahikoa delako jendearengan egoera aldarazi litekeenaren itxaropena biztu eta indartzeko. 
            Botereari, aurrerantzako ihesean, “reallity show” are handiagoa antolatzea otu zaio oraingoan, herria lasaitu dadin . Aurreko Gose Jokoetako garaileak izango dira lehiakide joko berezi hauetan.


            Trilogiako bigarrengo atal hau aurrekoa baino ahulago sumatzen dugu. Pertsonaien jarrera aldatu egin da inondik ere. Eta aurrekoan bere burua salbatzeko etsia lehentasuna zuten pertsonaiak izatetik, gizartearen egoeran aldaketa eragitearen ataza  beren buruei jarri dioten protagonistak izango dira. Ez ditugu Katniss eta Peeta hain “izorratuta” ikusten. Aurrekoan askoz ere tenkatuago agertzen zitzaizkigun.
            Bestalde, nahiko betelan dauka liburuak. Ez dira beharrezko 400 orrialde kontatzen dena kontatzeko. Hasierako partea, bereziki, astuntxo egiten da. Baina serietako liburuekin gertatzen den bezala… hirugarrena (serieko hoberena batzuen aburuz) irakurri ahal izateko bigarrengo hau irakurrita eduki behar… ala ez?

Rafa L.





2013-03-05

AZKEN GURASOAK


AZKEN GURASOAK
Aitor Arana
 

     Desastrea Lur planetan: Eguzkia ere betirako ezkutatua dela ematen du, gosea eta etsipena nonahi. Gerora protagonistak izango direnen familiak bizileku seguru baten bila ihesi doaz hiritik eta kobazulo batean babestuko dira, aspaldian gizalegez jokatzeari utzi zioten gizakiengandik ahalik eta urrutien. Aspaldian gurasoek Asisko eta Mirariri kontatu izan dietenaren arabera ba omen zegoen hiriko jauregi batean ekuatoreko lurraldera hegan egiteko presto zegoen ontzia. Mirari haurdun dago eta jaioko denari etorkizuna ematearren joango dira hirira. Kohete salbatzailea martxan jarriko zukeen ordenadorea topatu behar bakarrik.
 
            Puska luze bat irakurri arte ez dugu jakingo protagonistak nortzuk diren ezta zein den bere nahia. Irudimenean oinarrituta bada ere, istorioari sinesgarritasun minimoa eska dakioke eta ez dauka. Kolpeka dago kontatuta, asko landu gabeko soluzioak emanez pasarteak norantz bideratu erabakitzeko beharrari.  Protagonistek umeak ematen dute hasieran eta bat-batean gurasogai agertzen zaizkigu. Ez dakigu Asisko eta Mirarik elkar maite ote duten, ezta nor den umearen aita.
 
            Laburbilduz, dena da oso nahasi eta ilun, saltoka eta gutxieneko antolamendurik gabekoa. Lehenagotik ere gertatu izan zitzaigun Aitor Aranaren libururen batekin, baina “Vampiria” irakurri ondoren denak barkatu genizkion idazle Legazpiarrari… eta hau? Badirudi hau aspaldiko lana dela.
Nahiz eta gure eskura iritsi den liburua 2011 urtekoa izan (Ibaizabal), sarean bilaketa eginda beste argitaletxean baina titulu eta egile beraz 2003 urtekoa (SM-baporea) bezala azaltzen da. Zer dela eta?
Niri asko kostatu zait liburua bukatzea. Nire gomendioa: utzi alde batera liburu hau eta, nahi baduzue, irakurri “Vampiria”.
 
Rafa L.
 
Baina bada gustukoa izan duenik:


2013-03-04

ARKADIA IRATZARRIA





ARKADIA IRATZARRIA
Kai Meyer
(Batera, 2011)


Siziliako mafiaren barruan  elkarrekin liskarretan dabiltzan bi familietako partaide dira Rosa eta Alessandro. Amerikatik bueltako bidaian ezagutuko dute elkar gazte biek. Dena aurka izan arren, itxura behintzat, maitasuna-edo sortuko da bien artekoan. Mutilak kontatuta, Alcantararrek eta Carnevaretarrek mendetan gorde izan duten sekreturik ezkutuenaz jabetuko da Rosa: familetako helduek metamorfosi harrigarriak jasaten dituzte egoera larrietan.
            Baina istorio gehiegi nahasten dira kotakizunean: sendi mafiosoen arteko borrokak, amodio zahar eta berriak, boterea lortzeko norgehiagokak, familien barneko istorio ilunak, bahiketa bat, traizioak… eta emaitza hain da korapilotsua non askotan ez baitakigu norantz bideratu gure atentzioa.
            Pertsonaia nagusiak, bestalde, batera eta bestera dabiltza atsedenik hartu gabe, bere etengabeko kalejiran eskenategi aldaketan kontakizunari falta zaion erakargarritasuna topatu nahi izango balu bezala. Egileak pertsonaiak hartu, erabili eta deslai uzten ditu nahieran; orain agertuz, orain ezkutatuz; beraienganako begirune eskasa erakutsiz. 

Oro har, liburua astuna egiten da eta kosta egiten da amaieraino iristea. Itzulpena ez da goi mailakoa. Edizioak zainduagoa beharko luke.

Rafa L.


2013-03-03

ESKINOSO ISEKARIA

ESKINOSO ISEKARIA
Gose Jokoak III
Suzanne Collins
(Batera, 2011)
 
   Serieko hirugarrengo liburu honetan Panemeko biztanleek, bat eginik, Snow presidentearen aurka egingo dute. Hamahirugarren Barrutian Katniss, Eskinoso Isekaria, izendatuko dute matxinatuen ustezko burua. Izan ere, Coin Hamahirugarren Barrutiko burua izango baita erreboltaren norakoa finkatzen duena. Katnissek uko egin behar izango dio familia, bikotea, lagunak eta aukeratuen bakardadean ikusiko dugu maiz.
   Hasieran propaganda eta komunikazio lehia zena guda odoltsu eta latza bilakatuko da. Gerrara bidaliko duten 451. taldean suertatuko dira elkarrekin istorioaren hiru protagonista nagusiak: Katniss, Peeta eta Gale; batzuetan elkarrekin eta besteetan elkarren aurka lehiatuz. 
   Pertsonaiak jada ezagunak zaizkigu, eta jada ez dute sekretu handirik guretzat. Dagoenko erdi ahaztuta dauzkagun aurreko liburuetan gertatutako zenbait pasadizo aipatzen dira.
    Katniss bera kontalaria da eta bere protagonismoa nabarmenagoa izango da hirugarrengo zati honetan. Gudak bere alderik gordinena erakutsiko digu. Etsita eta itxaropen handirik gabe funtzionatzen duen biztanleria ikusiko dugu Panemeko Barruti guztietan eta izua, artean, denetatik salbo zegoen hiribururaino ere iritsiko da. 
   Mugimendu handiko pasarteak. “Dena Sutan” baino lortuagoa ematen du honek, martxa handiagoa da, baita akzioa basatiagoa ere. Hala ere, gure ustean “Dena Sutan” baino hobea bada ere, ez du serieko lehenengoak eragin zizkigun sorpresa-eta gainditzea lortuko.
 
Rafa L.
 
     Against all odds, Katniss Everdeen has survived the Hunger Games twice. But now that she's made it out of the bloody arena alive, she's still not safe. The Capitol is angry. The Capitol wants revenge. Who do they think should pay for the unrest? Katniss. And what's worse, President Snow has made it clear that no one else is safe either. Not Katniss's family, not her friends, not the people of District 12. Powerful and haunting, this thrilling final installment of Suzanne Collins's groundbreaking The Hunger Games trilogy promises to be one of the most talked about books of the year.
 
(Amazonetik hartutakoa)
 
 
 
 
 

2013-03-02

AURPEGIRIK GABEKO HILTZAILEAK



AURPEGIRIK GABEKO
HILTZAILEAK (1991)
Henning Mankell
(Erein, 2009)





Mankell mundu osoan famatua egin duen Kurt Wallander poliziaren nobela seriearen lehenengoa da hau. Suediako Scaniako landa eremuan bi agure jasan egingo dute sekulako bortizkeriaz egindako erasoa. Lapurreta ala gorroto pertsonalak? Gizonezkoa hilda dago eta haren emaztea ere handik gutxira zenduko da. Suedian errefuxiatu dabiltzan pertsonak izango dira hasierako susmoen helmuga. Pazientzia handiz egindako ikerketa baten ostean kasua argituko du Wallanderrek.

Idazleak irakurleari etengabe iradoki egingo dizkio bideak eta Wallander beraren lankide sentitu egingo gara, kasuari irteera eman nahirik hiltzailearenn peskizan. Egia esan, azkeneko kapituluan istorioak sekulako txiribuelta egin eta “akzioaren” bidea hartzen du, ia bukaeraraino liburu patxadosoa zenak.
                 Pertsonaiak dira liburu honen, eta Mankellen besteetan ere, alderdi indartsuena. Kurt Wallander polizia ona da, profesional fina; baina superheroiatik oso urrun dago. Bere bizitza pribatuan desastre samarra da. Emazteak etxetik alde egin du berriki, alabak paso egiten dio Kurti, arazoak ditu dementziak jotzen hasi duen aitarekin: abandonatuta daukala aurpegiratzen dio aitak Wallanderri, polizia nahiko traketsa da bere bulkada sexuala bideratzeko orduan, ez da behar bezala elikatzen, edan egiten du… hau da: nahiko pertsona normala da, sinesgarria, egunekoa.
Era berean, liburuan agertuko diren gainontzeko pertsonajeak Suediako erretratua erakutsiko digute: Europako punta-puntako gizataldeak omen direnak badutela zertan hobetu eta non ahalegindu.

Duela hamar bat urte irakurri nuen estreinakoz liburu hau gazteleraz. Gaztelera irakasleak gomendatu zien irakurketa semearen taldekoei. Eta, noski, guraso mesfidatiok beti irakurtzen ditugu gure seme-alabei eskoletan gomendatzen dieten liburuak, ala ez?... bada, egin beharko genuke eta aldian behin Mankellen ezagutza egitea bezalako oparitxoak jasoko genituzke.


Liburua luzetxoa dela? Hobe. Askotan esaten dugun bezala, irakurtzea gure maitte├▒oarekin
egotea bezalakoa da: gustura gaudenean denok nahi izaten dugu gehiago.
Abisua: Wallanderren laguna egiten bazara, galduta zaude, engantxatuta betiko.
Rafa L.
beste iritziak:



2013-03-01


HILABETE BAT MONTALBANOREKIN
Andrea Camilleri
(Igela, 2012)


Andrea Camillerik hogeita hamar istorio labur proposatzen dizkigu. Siziliako jende xeheari eta protagonista berari gertatutakoak. Egunean bat irakurriz gero hilabetea iraun beharko liguke liburuak –hortik izenburua. Vigatako komisaldegira iritsiko diren kasu bitxiak: gazte eta agure enamoratuak, mafia familien arteko liskarrak, pertsona edadetuen maniak… denak argituko ditu Salvo Montalbano onberak, beti herrikideak kinkatik ateratzeaz gehiago arduratuta justizia “partitzeaz” baino.
Nobela beltzak mota guztietako poliziak erakutsi izan dizkigu orain artekoan hasi detektibe klasikoak –tipo azkar, gogor eta bortitz samarrak- eta azken boladako psikologikoki porru egindako  Ipar Europako poliziak. Ezin genezake Montalbano klase horietako batean sailkatu: ez ditu arazoak alkoholarekin, emaztea –Livia- maite du. Baikor, lagunkoia, tipo lasaia eta bakezalea da Salvo, gozatu egiten du jaki on bat eta literaturarekin.
            Egiantz handiko pasarteak, eguneroko bizitzatik ateratakoak, jende arruntari gertatutakoak, oso gertukoak. Pasarte bakoitzak (10-12 orrialde) luzera perfektua du irukurtsaioa osatzeko. Istorioak ez daude lotuta. Oherako edo oporralditarako liburu egokia izan daiteke.
Gizon erakargarria egingo zaigu polizia siziliarra. Eta, seguraski, berari buruz gehiago jakiteko gutizia piztuko digu liburu honek. Gazteleraz erraz topa genezake Salvoren istoriorik, bestelakoa da euskaraz. Espero dezagun honen atzetik beste asko etortzea euskal mundura.
(Lana txukun egindakoan inork ez du itzultzaileari buruzko ezer esaten, esker txarreko ofizioa!)

Rafa L.
 beste iritzia: