Showing posts with label ABENTURA. Show all posts
Showing posts with label ABENTURA. Show all posts

2016-02-03

KEAREN FIORDOA







KEAREN FIORDOA
IƱaki Petxaroman

(Elkar, 2015)


          Baleazale euskaldun batzuk Islandian pairatutako sarraskiaren laugarren mendeurrena ospatu zen 2015. urtean. Haien omenez, osatuko zuen egileak nobela historiko hau.

XVI. mendea hasi berria da. Balea-olioa ezinbestekoa da eguneroko bizitzan, eta diru-iturri handia da euskal arrantzaleentzat. Martin Villafranca eta gure kostaldeko hainbat arrantzale Iparraldeko itsaso hotzetara joango dira balearen bila. Badira hiru urte euskaldunek tratua egin zutela Ari Magnusson Islandia iparraldeko magistratuarekin, hark balea-harrapaketa baimendu eta ontzietakoek balea bat eta mila dukat emango dizkiote urtero ordainetan.
                Baina Danimarkako erregeak legedia aldatu du eta aurrerantzean atzerritarrei ez zaie zilegi izango Islandiako uretan arrantzan aritzea. Magnussonek  ez dio tratutik jasotzen dituen mozkinei uko egin nahi eta erregearen aginduari jaramonik egin gabe ezikusiarena egiteko asmoa du, sasoia bukatu artean, behintzat.
Iraila da eta arrantzaldia bukatzeko tenorea arrimatzen  ari da, baina ustekabean eguraldia gaiztotu eta ohi baino goizago izoztu du itsasoa. Ontzi donostiarrak izotzetan geratu dira harrapatuta eta euskaldunek negua Islandian geratu behar izango dute. Egoerak Ari Magnussonek hutsa egina izana agerian utz lezake. Erregearen eta gobernadorearen balizko erreakzioaren beldurrez, magistratuak baleazaleak gupidarik gabe jazartzen hasiko da.
                Gauzak gehiago korapilatzeko, "Trinitatea" ontziko kapitaina den Martin Villafranca, lurralde hartako neska gazte batekin, Hura-rekin hasiko da. Kasualitatea, Ari Magnussonen alaba da Hura.  

                Duela laurehun urte gertatutako gertaera latzetan oinarritu da kontakizuna. Amodio istorio bat gehitu zaio tramari, baina ezer gehiago ez. Liburuan zehar pertsonaiak batera eta bestera dabiltza, etengabeko prozesioan, irakurlea zorabiatzeko punturaino eramanez (lagungarria da edizioak gehitu duen planoa; izenak korapilatsuak dira eta horrek ez du asko laguntzen). Akzio handiko eszenak ez dira baliatzen bizitasuna ekartzeko istorioari eta oso era lauan kontatzen dira arrantzaleek jasandako erasoak, balea-harrapaketa eta mugimendu handikoak izan zitezkeen beste pasadizoak. Bestalde, pertsonaiak oso muturreko egoeran ikusiko ditugu, baina ez dugu bere bizipenetan sartzerik lortuko.

                Egia esan, errepikakorra egiten da eta tarteka oso motela, Islandiako neguko paisaia adina. baina historiak merezi du. Egilearen lehenengo nobela da. Irakurri, ea zer iruditzen zaizuen!

            Liburua Alegiako Liburutegi Publikoan maileguan hartuta irakurri nuen.


Rafa L.




Reykjarfjordur "kearen fiordoa"







2015-12-07

BEGIA BEGI TRUK - SKATERRAK 3







BEGIA BEGI TRUK (Skaterrak – 3)
Mikel Valverde
(Giltza, 2014)


            Egin ez duen grafiti batengatik, zigorra bete behar izango du Imanolek Arte Garaikide Museoan. Estefano Sabatinik, eraikuntza-negozioan aberastutako gizonak, eragin handia izango du artegunearen zuzendariarengan.
            Estefano tipo trakets eta egoskorra izanda ere, tratu batera ekarri dute beste sakaterrek: hauek enpresariak jasaten ari den xantaia (izpirituen erasoaren itxura duena) argitzen lagunduko diote eta Sabatinik mesedea itzuliko die –Imaren barkamena lortzea eskatuko diote.
            Lanean hasita, “medium”aren itxurak egiten ibiliko da Anyo eta Adrian beti bezain fin ibiliko da informazioa biltzen; eta, oraingo honetan, arriskutik gertu, gertuegi.

            Lehendik ere eagutzen dugu nolakoak diren skaterrak. Estefano pertsonaia inozo samarra begitanduko zaigu. Istorioa ez da oso sinesgarria, baina dibertigarria bada, bai. Agian, bukaeran, kontakizuna gehiegi bermatzen da pertsonaia baten –Sanperenaren– aitorpenetan, korapiloa erraxkiegi askatuz. Kontakizuna linelaki emanda dago, historia ulertaraziko diguten aldizkako flash-back batzuk pertsonaien esandakoetan.


            Oso liburu aproposa irukurtaldi luzetxoak zail egin zaizkizuenontzat hamar minutuan irents daitezkeen kapitulutan antolatuta baitago liburua. Entreteniagarria oso eta eskuratzeko erraza e-liburutegiari esker.

Rafa L.







2015-10-02

IRAKASLE DESAGERTUAREN KASUA



LAU LAGUN ETA ERDI – 1
IRAKASLE DESAGERTUAREN KASUA (1995)
Joachim Friederich
(Giltza, 2009)


            Eskola berean dabiltza gure lau lagunak: Estefani, Errefautxo –neskaren anaia–, Txarli eta Fede. Federi izugarri polita iriditzen zaio Sulte-Stratmann andrea, Natur Zientzietako irakaslea. Ia-ia maiteminduta dagoela esango dute bere lagunek. Irakaslea beti izan da egoskor samarra, zorrotza eta ikasleekin lagunkoikerietan ibiltzearen ez oso lagun.
            Bat-batean, Sulte-Stratmann andreak izugarrizko aldaketa egingo du: arropa garestia, auto deportiboa… Banku lapurreta egon da horietako egun batean. Kasualitatea ote? Legez kanpoko zerbaitetan nahastuta egongo al da Naturrekoa? Izan ere, guztiz ezohizko lekuetan eta jende arraroarekin ikusi izan dute lau lagunek eta Xarmantek –Fedek kalean topatu duen txakurtxoa, taldea osatzeko falta zen lagun erdia–.
            Federi izugarrizko bihotzondokoa emango lioke bere irakasle kuttuna poliziari salatu behar izateak. Baina oso-oso da susmagarria.

            Kontaketa arina eta erakargarria da. Pertsonaiak atsegin eta sinpatikoak egiten zaizkigu. Ausardia behar denean, ausartak izango dira. Eta beldurra pasatakoan, bere izua aitortuko dute lotsarik gabe. Gustu askoz izango ginateke gu horren koadrilla jatorrako kideak.

            Merezi du irakurtzeak. Aspaldian idatzitako abenturak badira ere (jendeak telefono-kabinak erabiltzen zituen deiak egiteko!), oraindik erakargarri egiten zaizkigu. Gustukoa izan baduzue serieko lehenengo hau, zortekoak zarete: Lau lagun eta erdik pilo bat abentura liburuak dauzkate, eta eskura dauzkagu gehienak "e-liburutegia"n.

            Eskolako gazteenentzako egokia, besteei infantilegia irudi dakizueke. 

Rafa L.






2015-09-16

ITZALAK BIZI DIREN LURRALDEA





ITZALAK BIZI DIREN LURRALDEA
Alberto Ladron
(Elkar, 2015)


            Jon eta Rikka Bermas kaleko umeak dira. Arkam-eko bazterretan jendeari buruzko informazioa jasoz eta Inperioko Segurtasunari hori pasa egiten diote, trukean txanpon batzuk jasoz. Arkania-ri buruzko datuak jasotzeko aginduarekin hasten dira gauzak nahasten. Arkanian Bdaztia ari da erlijio berria sustatzen eta jendea asaldatzen, hango herria matxinatzeko puntuan dago.
            Gesaldan presondegira eraman dute Rikka. Azeri Gorriarekin jarri dute harremanetan Jon eta gatz-basamortuko presondegira joango dira biak, lagunak libre uztera. Maisua askatuko dute, Rikka ezin askatu. Bat eginda hirurak (Maisua, Azeria eta Jon) abiatuko dira Apirilia-ra, liburuzainek bere Dorre Berdean gordetzen duen Diesirae ezpata eskuratzeko, hau baita Arkania-ko dragoia akaba lezakeen arma bakarra. Behin ezpata magikoa lortuta, Mei-Ottokar jauregirainoko bidaian jarrituko dute. Eta abentura gehiago, eta gehiago…

            Pertsonaiak genero honetan oso ohiko direnak: agure jakintsu eta xaloa, ume ausarta, gudari harroputz eta bihozbera. Fantasiazko kontakizunean ezin sinesgarritasun handirik eskatu pertsonaiei, baina beraiekin bat egingo dugu eta hunkituko gaituzte. Atentzioa ematen dute paisaiaren deskribapen zehatza eta ekintzaren kontakizun dinamiko bizia; biek ekintzaren erdi-erdian sartzen gaituzte deblauki.

            Alberto Ladron idazleak sekulako saltoa egin du krimenetik fantasiara. Gorako saltoa, nire uste apalean. Ez naiz mota honetako abentura fantastikoen oso zale, baina izugarri gozatu dut liburuaz eta irakurketa ezin utzirik ibili naiz.

Ez izan dudarik eta irakurri! Aholku bakarra: eraman ezazu motxilan une oro eta edonora, damutuko zaizu bestela.

Rafa L.

2015-08-01

TXINAKO KOADERNOAREN MISTERIOA















Voltaire kaleko abenturak – 6
TXINAKO KOADERNOAREN MISTERIOA
P. Baccalario
(Mezulari, 2013)


            Theophile Brocard liburu-saltzailea hil egin da. Bere emazteak salduko ditu dendako guztiak. Barduchon gazteak erosi ditu hango liburuak eta Annettek topatuko du koaderno berezia –liburu-saltzailearen egunerokoa dena– material haren guztiaren artean.

            Barduchon andreak azokan bilduko duen informazioarekin, Valentinek Leopold Bocardekin –hildakoaren anaiarekin– izandako elkarrizketan lortutakoarekin eta beste hainbatekin Theophile Brocardek nobleziaren partaidea izateko grinaren berri izango dute Voltaire kaleko ikerlariek. Kasua argitu eta poliziaren esku utziko dituzte gaizkileak

            Volataire kalekoen abentura guztietan azaldutako gako eta pasarteak izango ditu honek ere: Valentine kazetariaren laguntza “profesionala”, Victorren gaizkileen saltsen ezaguera ezinbestekoa, Barduchon andrearen informazio zorrotzak eta bileretako egindako gozoki apartak, eta Barduchon gaztearen “bi zaldikoan” egindako jazarpen eroak.


            Betiko osagaiekin abentura berri eta erakargarria osatu du oraingoan ere egileak, irakurketa arina, atsegina eta harrapatuko zaituena. Gustura irakurriko duzu.

Rafa L.


2015-07-08

KALIFORNIAKO NESKAK


KALIFORNIAKO NESKAK
Josemari Iturralde
(Ibaizabal, 2000)


            Anuxka, Ainhoa eta Risky Amerikara doaz oraingoan. Udan ingelesa ikasteko asmoz joango dira Kaliforniara eta hango bizimoduaren eta gazte jendearen bitxikeriak ezagutzeko parada izango dute. Une alaiak, festa girokoak, biziko ditu Anuxkak: latz eta larriago beste batzuk ere. Arraro egingo zaizkio gizarte aberats hartako giroa eta neska eta mutilen arteko harreman ohiturak. Azkenean onik bueltatuko dira denak etxera.

            Istorio bat beharrean, badirudi kapituluen bilduma dela liburua. Ez dago liburuan zehar kontakizuna gidatuko duen haririk eta osotasuna falta nabaria da. Pasadizoak nahikoa sinesgaitz –edo, gutxienez, arrotzak- egiten zaizkigu eta sorpresa handirik gabeko kapituluak metatuz osatzen da liburua.


            Risky eta lagunen liburuak irakurri izan duzuenok badakizue nolakoak diren. Honelako beste bat da hau. Ezin esan irrikitan irakurtzen den horietakoa denik!

Rafa L.  








2015-04-28

SKATERRAK-2 IRAGANIK GABEKO GIZONA





SKATERRAK – 2
IRAGANIK GABEKO GIZONA
Mikel Valverde

(Giltza, 2013)


              Andrianek tupust egin du plazan tipo bitxi batekin. Honek kontuz ibiltzeko aholkatu eta oroitzapenak berreskuratzeko laguntza eskatu dio gazteari. Hainbat lagun skaterrek jasandako memoria-galera uneen berri izango du Adrianek, eta gazte hauen lokietan gizon bitxiari ikusitako marka berbera antzeman die.
                Txakurraren txipeko informaziotik abiatuta, skaterrek datuak bilduko dituzte eta gizon bitxia Jakobo Martinez ikerlaria dela jakingo dute, giza-garunaren funtzionamenduaren aditua, behinola Neurociling enpresarentzat lan egindakoa. Inbertsore berrien eskuetan dago orain enpresa hori eta kaleko gazteak —skaterrak— erabiltzen omen dituzte esperimetaziorako kuiatxoen gisa. Hori da, behintzat, gure lagunek argitu nahi izango duten susmoa.

                Kapitulu motzak. Hizkuntza argia eta zailtasunik gabekoa. Istorio —oso sinesgarria ez bada ere— kitzikagarria eta erritmo bizikoa. Serieko aurreneko liburua (Ertzean) irakurri bazenuen, ezagunak egingo zaizkizu pertsonaiak. Oso neska-mutil normalak, gu bezalakoak. Aurreko liburuan istorioa Gasteizen burutzen zela ematen zuen, honetan ezin antzeman.

                Serietako liburuekin beti aholku bera: utzi irakurketen arteko tartea. Beraz Skaterrak1-Ertzean aspalditxoan irakurri bazenuen, ekin honi. Ez zaizu damutuko. Gainera orain oso erraz eskura dezakezu e-liburutegiari esker.

Rafa L.


2015-04-17



Voltaire kaleko abenturak – 3
ERRETRATU FLANDESTARRAREN KASU BITXIA
P. Baccalario

(Mezulari, 2012)



            Barduchon antikuariaren lagun baten arte-galerian, obra garestiagoak eramateko aukera izanda ere, kopia kaskartxo bat lapurtu dute soilik. Hasieran lapurreta ezdeusa ematen duena garrantzi handiagoa hartzen joango da ikerlari-taldeak bere lanarekin aurrera egin ahala. Zergatik eta zertarako ebatsi balio eskaseko hura?
            Aretoan azaldutako oihal zerrendatxo batek eramango ditu Voltaire kaleko taldekideak lapurrarenganaino. Baina beranduegi, hilik topatuko baitute!

            Bat-batean, Fabok –Annetteren laguntzaz– bere neskalagunari, Malikari, urtebetzean erosi beharreko oparia dela, Lalouk interneten egindako aurkikuntza bitxiak direla edo Valentinek aldizkarirako egin behar duen erreportaia dela; horiek guztiek eramango dute ikerketa Ekialdeko Haizea  lurrin berriraino. Lurringileak susmopean geratuko dira azkar asko. Izan ere, Voltaire kaleko ikertzaile finek lapurreta eta hilketaren arteko zerikusia argituko dute bere jarduera burutsuarekin.

            Oso istorio entretenigarria, aurrekoak bezala, ezin utzizko irakurketaz gozaraziko dizuna. Zeren zain zaude liburutegira joateko?

Rafa L.

2014-02-06

1002. GAUA

1002. GAUA
Xabier Mendiguren
(Pamiela, 2010)
 

     Leonardok, Veneziako Dogoak, Chiara alaba ezkondu nahi izango du Simeon Dalmaziako erresumaren oinordekoarekin. Horretarako gazte biek gutunen bidez egingo dute elkar ezagutzea. Neska zoraturik dago Adriatikoren bestaldetik iristen zaizkion eskutitz fin eta sentiberekin eta pozik egiten ditu Simeonekin batzekoak. Baina harekin Splitera bueltan, senarra esposatu berria astakirten hutsa dela konturatzen da azkar asko neska. Hala ere, haurdun geratu da, eta aitari bisitan joan nahi izango zitzaiola-eta Veneziara bueltatzeko baimena lortzen du Kristoforo Simeonen aitarengandik.
     Ontziratu dira eta jaiotetxera bidean, itsasoan, pirata batzuen erasoa jasan eta Aljerreraino eramango dituzte Chiara eta Otto idazkaria; haien truke erreskate galanta eskuratzeko asmotan. Chiara ahaleginduko da bere bahitzaileengandik ihes egiten.
     Hogeita hamar kapitulu labur eta bizitan ematen zaigun istorioa, oso erritmo handikoa. Liburuaren tituluaz aparte badago  ekialdeko ipuinen girora eramatenn gaituen zerbait. Gozatu ederra hartu dut istorioa irakurtzen. Ia hogei urtean Mendiguren bazterrean (kastigatuta) utzita, merezi izan du berriz ere berreskuratzea.
 
Rafa L.






2014-01-20

ERREGEAREN MEZULARIA










ERREGEAREN MEZULARIA
Toti Mtz. De Lecea
(Alfaguara- Zubia, 2005)

(Erein, 2012)

Otxoa Izurra gaztea Iruneko gortea joango da ospearen bila eta hori izango abenturaz beteriko bere bizitza ibilaldiaren hasiera. Gazte ausartak monastegiko bizitza, gudua eta lurralde urrunetako bitxiak ezagutuko ditu. Nafarroako Erresumarentzat gertakari eta une garrantzitsuetan lekuko izango da gaztea.

Nobela historikoa da honako liburu hau. Egilea estuki lotu nahi izan zaie hainbat pasarte historikoei; era berean, tamalez, kontakizuneko pertsonaiak lotuta suertatu direlarik. Logika handirik gabeko ibilaldian ibiliko da Otxoa batera eta bestera, eta liburuaren fikzioko ardatz izan nahi duen izkribuak esanahi eskasa izango du eta pasarteak solte eta zerikusi handirik gabe geratuko dira. Gazteleratiko itzulpena da liburua.

Modan dago nobela historikoa. Bere helburua historia era dibertigarrian erakustea izango litzateke. Istorio honek ez du beti lortzen eta hainbat pasartetan astuntxoa egiten da; nahiz eta, oro har, entretenigarria izan. Gure Herriaren aitzinera hurbiltzeko modu bat izan liteke.


Rafa L.

2013-10-13

AMAIA LAPITZ ETA DIDOREN ERMANDADE SEKRETUA

 
 
AMAIA LAPITZ ETA DIDOREN ERMANDADE SEKRETUA
Katixa Agirre
(Elkar, 2013)
                 Amona Angelinesek txatean lagun berria egin duela eta hura bisitatzera Afrika Iparraldera, Tunisiara, egingo duen bidaian lagunduko diote amonari Amaia Lapitzek eta Susanak, amak.  Hara iritsitakoan,  Ahmet, amonaren ustezko laguna den bezala azalduko zaie: negozio gizon zikina eta arriskutsua. Eraiki nahi duen jolas-parkeko orubean antzinako Kartagoko aztarna arkeologikoa – idatzitako oholatxo bat- azaldu da eta UNESCOk lanak geldiaraziko dizkio. Ahmetek Amaia bahituko du, eraikitze debekua kentzearen aldeko iritzia eman dezan Susana Lapitzek, arkeologo ospetsuak.
                Leilak eta Tarekek, Ahmeten bilobek, Amaia lagunduko dute ihes egiten eta hiru gaztetxoak elkarrekin altxor baten sekretua ezkuta lezakeen oholatxoa topatu eta Amaiaren ama askatzen ahaleginduko dira.
                Herriak askatasunaren alde lurralde arabieretan egindako ahalegina  azaltzen da kontakizunean eta herri txiroaren erdian leporaino aberasteko batere lotsarik ez duen jendilajea salatzen .
                Amaia Lapitzek Mexikon bizi izandakoak gustuko izan bazenituen, hau ere atsegin izango zaizu. Irakurri eta gozatu.
Rafa L.


2013-09-23

EZEREZAREN GUDAROSTEA (CODE LYOKO - 4)

 
EZEREZAREN GUDAROSTEA – CODE LYOKO 4
Jeremy Belpois
(Mezulari, 2011)


             Aurreko abenturaren hondarrean, Green Phoenixeko gizonek dena dute bere menpean: superordenagailua, eskolako egoitza. Gurasoak-eta Hermitagen babestea lortu dute eta handik Lyokora egingo dute ihes gaztetxoek. Hannibal Mago gaizkilearen eskuetan dago Jeremy, baina bere parte-hartzea ezinbestekoa izango da lagunen eginahalak bideratzeko; Lyokotik, hango superbotereak galdu gabe, bueltatuko diren Aelita, Odd, Yumi eta Ulrich borrokan gidatzeko. Taldeko neska berria, Eva, eta zintzotutako XANA ere onik aterako dira bukaeran.

                 Serie bereko aurreko liburuekin erkatuta ez dauka nobedade handirik; hori bai, honetan ere erritmo bizikoa da kontakizuna eta, bereziki, bukaera aldean dauden akzio handiko eskenetan hartuko du abailarik handiena istorioak. Bukaera irekia utzi diote liburuari, baina pertsonaiak agortuta daudela ematen du.

                Friki samar baldin bazara, agian serieko laugarren liburu honetara iritsiko zara eta irentsi egingo duzu aurrekoak bezala; izan ere, horrelako istorioak triskiak baino adiktiboagoak dira. Irakurtzeko bizioa? Okerragoak ez baleude!
 
Rafa L.

2013-07-05

FENIXAREN ITZULERA (CODE LYOKO - 3)

 
FENIXAREN ITZULERA (CODE LYOKO – 3)
Davide Morosinotto
(Mezulari, 2011)
 
            Bere garaian Waldo Schaefferrek antolatutako inguru birtualeko diseinuan sandbox batzuk eratu zituen Lyokon: Mirror, Lehenengo Hiria. XANAk eta Green Phoenixekoek interes handia dute Lehenengo Hiriko gaztelua ganatzeko, hura arma gisa erabilita lor litekeen boterea mugagabea litzatekeelako.
            Gure gazte koadrillakoek, bestalde, Aelitaren gurasoak topatzeko ahaleginetan jarraitzen dute eta Mirroren Hopperren eguneroko birtuala ikusi eta aurreko historiaren hainbat pasarte ilun argituko zaizkie. Saio hauetan gazteetako batzuk geratuko dira mundu birtualetik atzera atera ezinik. Gainera, fabrika zaharreko ordenagailua Hannibal Magoren eskutan, Hermitageko scannerra geratuko zaie bakarrik gazteei mundu birtualerako ate.
            XANAk eta Magok ituna eginda eta ia tresneria guztiaren jabe; bide bakarra geratzen zaie Jeremy eta lagunei: Waldoren lankide ohiak –kasualitatez, gaztetxoen gurasoak- bildu eta galdutako oroitzapenak berreskuratu arazi ondoren, scanenerra atondu, isolatutako lagunak etxeratu eta arerio boteretsuak garaitzeko ahaleginetan dihardu.
 
            Seriearen aurreko liburuen freaky bidetik jarraitzen du istorioak. Narrazioa korapilo batera iritstakoan beti dago cyberbide bat aurrera egiteko eta, egia esan, irudimen handiko soluzioak izaten dira. Horregatik liburuak ez zuen merezi eman zaion bukaera: oso borroka standard eta txaf eta txof motako eszena ez oso imaginatiboarekin.
 
            Jeremy Belpoisen aurreko bi liburuak gustatu bazaizkizu, gustura irakurriko duzu hau ere. Hori bai, hobe saga hurrenkeran, hasieratik hasita, irakurtzea. Oraingo honek aurrekoen erreferentzia asko dauzka eta zaila izango zaizu hau bada Code Lyokoren zure lehenengo liburua.
 
Rafa L.

2013-06-29

TOM SAWYERREN ABENTURAK

 
 
TOM SAWYER-EN ABENTURAK (1876)
Mark Twain
(Klis-klasikoak, 2012)

 

                Umezurtza da Tom Sawyer eta etxean hartu zuen izeba Pollyrekin bizi da. Ume bihurri samarra da eta herrian oso fama ona ez duen Huckleberry Finnekin ibiltzen da askotan abenturen bila. Halako batean hilketa baten lekukoak izango dira gaztetxo biak, izua eta gizon errugabea salbatzeko ahaleginen arteko borrokan arituko dira, askotan gaizkileen atzaparretan erortzeko puntuan. 
                Duela mende eta erdiko AEBetako gizartea aurkezten zaigu bere gordinean: aberats eta pobreen arteko muga gaindiezinaz, boteretsuen aginte orotarikoaz, hezkuntzaren zurruntasuna, gutxiengo etnikoak bizi diren bazterkeria agerian eta erlijioaren edononeko presentzia itogarriaz. Baina paisaia hain bortitzeta kontrako horretan mutikoak, Tom eta Huck, moldatuko dira ezer gutxiz zoriontsu izateko eta askatasunaren egarria asetzeko.
                Hasieran hizkera zaila egingo bazaigu ere (perpaus luze eta korapilotsuak , XIX mendeko emaitza)  berehala ohitu eta irakurketa erraza eta gustagarria egingo zaigu. Kapitulu laburrak dira eta edizioa marrazki erakargarriez osatuta dago.
 
Rafa L.



What's the story?

Mark Twain's classic novel THE ADVENTURES OF TOM SAWYER takes place in fictional St. Petersburg (a town on the Mississippi that is patterned after Twain's hometown of Hannibal, MO), where Tom lives with his Aunt Polly and cousins Sid and Mary. A mischievous, imaginative boy of about 11, Tom is often on the wrong side of the rules at school and at home. Late one night, Tom sneaks out with his friend Huckleberry Finn, and the two witness a violent crime. Afraid for their own safety, Tom and Huck promise each other to keep the night a secret, and Tom carries on his usual activities: playing pirates with his friends, flirting with the pretty Becky Thatcher, and worrying his Aunt Polly. But Tom and Huck soon find themselves in serious trouble, because they can't ignore their consciences, or the fact that the criminal has some treasure they can't resist.
 
 
 



2013-05-20

FRANTZIAN JE T'AIME ESATEN DUTE
































FRANTZIAN JE T’AIME ESATEN DUTE
Joxemari Iturralde
(Pamiela, 2011)

 

                Eskolak bidaia antolatuta, egun batzuk pasako dituzte Risky eta ikaskideek Frantziako familiekin. Cornechon familak hartuko du Risky eta etxeko guztiekin, bereziki Bernard semearekin, bere erdipurdiko frantsesak uzten dizkion harremanak izaten saiatuko da gaztea. Mutilak bizi izango dituen mikroabenturak, hain dira sotil eta sinpleak non nekez esan baitaiteke apartekorik kontatzen denik. Egia esan, bakarrik Frantziako nesken lagunak egiteko moduak harrituko du Risky. Igerilekuko arratsalde-pasa arrunta, arrantzako saioa edo etxeko txakurra galdu zenekoaren moduko pasadizoak izango dira istorioaren ardatz: abentura handirik ez, baina gozamen lasai eta patxadatsua. 

                Erraz eta aidean irakurtzen den liburua da. Kapitulu laburrak. Istorio naif samarrak, baina erakargarri oso egiten direnak. Animatu, irakurri eta gustatuko zaizu; ez dudarik izan!
 
Rafa L.




2013-05-15

ZAZPI ETXE FRANTZIAN



ZAZPI ETXE FRANTZIAN
Bernardo Atxaga
(Pamiela, 2009)



Chrysostome LiĆØge gazteak, Belgikako Force Publique-an sartu ondoren, Kongoko Yangambiko goarniziora bidali dute. Lehenengo egunetik beretik erakutsi du ez dela gainontzeko soldaduen tankerakoa. Chrysostome gazte isila, serioa eta fededuna da. Ez da emakumeengana hurbiltzen ezta alkoholik probatzen, nahiz eta paraje haietan bekatua eta mozkorraldia izan eromenari ihes egiteko bide bakarrak.
Ezberdina izateak eta fusil-tiratzaile aparta izateak armakide askoren herra eta bekaizkeria ekarriko dizkio, Van Thiegel tenientearena bereziki.

Istorioa era linealean dago emanda, oso atzerako salto gutxiz. Pertsonaia ugari dago eta kontakizunak pertsonaia batetik bestera salto egiten du logika handirik gabe eta protagonista nagusia –Chrysostome- kapitulu askotan deslai utzita.
Abenturako protagonistak oso kanpotik daude deskribatuta, bere barne bizipenetara iritsi gabe. Era berean, gai asko ukituko ditu testuak: erlijioa, kolonialismoa, esklabutza, negozio zikinak, etnografia ere egitera iristen da. Gai asko, baina beti azaletik eta narratzailearen posizionatze argirik gabe.

Idazleak izkin egiten die tentsioko uneei eta lapurtu egiten dizkio irakurleari.

Hasierako “flash exotikoa” pasa ondoren, istorioak interesa galdu eta astuna egiten da. Freskotasuna falta zaio.






Rafa L.

2013-04-11

VAMPIRIA


VAMPIRIA
Aitor Arana
(SM, 2010)


Mende luzeetan banpiroek itxaron izan duten aukera iritsi zaie azkenean. Valatek jakin izan duenez, badago neska bat, Joana –protagonista- bere genetika berezia tarteko, banpiro bihurtuko balitz, egun argiz ibili ahal izango litzatekeena. Dohain hori Aitalehenaren bitartez gainontzeko banpiro guztiei pasa ahal izango liezaieke gero, zorion osoan bizi ahal izan zezaten betiko. Baina pozgarri eta onura izan behar zuen ahalmenak hondamendia ekarriko dio banpiro-jendeari.

Istorioa galopan doa une oro, erritmo eroan, ezin geldirik: akzioa, fantasia, irudimena… pasada bat. Dena, noski, oso irreal eta sinesgaitza, baina zoragarria.

Liburu honekin bi pauso aurrera egin ditut. Batetik apur bat jasangaitz egiten zitzaidan banpiroen moda yankiri hartuta nion higuintxoa gainditu dut: liburuko istorioa zoragarria iruditu zait. Bestetik “Bost ahizpa” liburuaz gero txoko samarrean neukan Aitor Arana beste moduan ikusi dut oraingo lan honetan: borobila, sormenez blai, bizi.

Rafa l.

EZIN DUZUE INOLA ERE LIBURU HAU IRAKURRI GABE PASATZEN UTZI.

2013-04-03

IZENIK GABEKO HIRIA - CODE LYOKO 2


CODE LYOKO 2 – IZENIK GABEKO HIRIA
Pierdomenico Baccalario
(Mensajero, 2010)

 

            Aurreko liburuan (Lurpeko gaztelua) Aelita superordenagailutik ateratzea lortu zuten Jeremyk-eta. Korrika eta presaka konputagailua itzali behar izan zuten XANA gaiztoak irtengo ez bazen; baina Hopper profesorea eta Anthea –Aelitaren ama- bideojokoaren barruan geratu ziren eta bertan daude oraindik. Haiek askatu ahal izateko informazioa biltzen hasiko dira gazte ausartak. Bilaketa honetan profesoreak utzitako bere lanaren arrastoa diren erreplika ordenadoreak topatuko dituzte Kadic-etik urrun, zein ondoko etxean, Yumik, Ulrichek, Jeremyk eta Aelitak berak.

            Sorpresak izango dira kontakizunean: Aelitak duela hamar urteko kontuak argituko dizkion aspaldiko lagun batekin egingo du bat, Odd lelotuta geratuko da Evarekin, Kadic-era iritsitako neska berriarekin, eta XANA gaiztoa ez da geldirik egongo eta bere asmo makurrak lortzetik hurren dabilela emango du.

            Irakurketa arina eta atsegina, erritmo bizikoa, ezin utzizkoa. Pasadizo handirik gabe joan da liburu hau, baina ondo mantendu du istorioaren tentsioa eta grinatsu gaude hirugarren zatia, honen jarraipena, esku artean noiz hartuko. Istorio zirraragarri, baina xalo eta konplikazio handirik gabekoen zalea bazara, zuretzat dira Jeremy Belpoisen abenturak.
 
Rafa L.