2008-03-05

PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA





PELLOT ETA ENPERADOREAREN BAHIKETA
Iñaki Mendizabal
(Ibaizabal, 2007)


Iñaki Mendizabalek Europako historiako aro gorabeheratsu batean kokatzen du liburu honetako istorioa. XIX. mendearen hasiera da eta Napoleon preso dagoen Elba uhartetik atera nahi izango dute bere aldeko batzuek. Konplotean daudenek Ichtebe Pellot, kortsario euskalduna, aukeratuko dute ekintza burutzeko. Pellot istorioaren protagonista nagusia bilakatuko da.

Ongi funtzionatu zezakeen istorioa da, ideia ona abenturazko kontakizun baterako; baina –gure iritziz- idazleak ez du borobiltzea lortu. Ofizio falta nabari zaio idazleari. Iñaki Mendizabalek itsasoari buruz eta kortsarioei buruz duen jakinduriak egoeren eta pertsonaien sinesgarritasunaren alde egiten badu ere; istorioa lineala, monotono, sinesgaitza eta aspergarri samarra suertatzen da.
Idazleak etengabe erabiliko ditu pertsonaien oroitzapenak betegarri gisa –erritmoa izugarri moteltzen delarik- baita gaizki erantsita dauden bi istorio paralelo: poliziarena eta Janinerena.

Hala ere, kontakizuna azkar irakurtzen da ez baita oso luzea eta Europarako hain garai garrantzitsu horretako historiaren jakinmina pizteko balio izango zaizue.