2013-05-20

FRANTZIAN JE T'AIME ESATEN DUTE
































FRANTZIAN JE T’AIME ESATEN DUTE
Joxemari Iturralde
(Pamiela, 2011)

 

                Eskolak bidaia antolatuta, egun batzuk pasako dituzte Risky eta ikaskideek Frantziako familiekin. Cornechon familak hartuko du Risky eta etxeko guztiekin, bereziki Bernard semearekin, bere erdipurdiko frantsesak uzten dizkion harremanak izaten saiatuko da gaztea. Mutilak bizi izango dituen mikroabenturak, hain dira sotil eta sinpleak non nekez esan baitaiteke apartekorik kontatzen denik. Egia esan, bakarrik Frantziako nesken lagunak egiteko moduak harrituko du Risky. Igerilekuko arratsalde-pasa arrunta, arrantzako saioa edo etxeko txakurra galdu zenekoaren moduko pasadizoak izango dira istorioaren ardatz: abentura handirik ez, baina gozamen lasai eta patxadatsua. 

                Erraz eta aidean irakurtzen den liburua da. Kapitulu laburrak. Istorio naif samarrak, baina erakargarri oso egiten direnak. Animatu, irakurri eta gustatuko zaizu; ez dudarik izan!
 
Rafa L.




2013-05-19

 
 

BLOG
Jean-Philippe Rondel
(Alberdania, 2012)
 
          Aita “arduratsua” da Philippe, protagonistaren aita, eta semearen bizitzan –blogean- kuxkuxeatzeko aukera izan duenean, buru-belarri hasi da horretan. Zabarki egin du, ordea, eta semea azkar asko konturatu eta kargu hartu dio aitari. Ordainetan, aitak bere nerabezaroko sekretu guztietan arakatzeko bidea eman dio semeari. Behinola nerabe maitabera, arduratsua, ekintzailea, handiak pairatutakoa izan zena deskubrituko du semeak orain artean horren grisa iruditu izan zaion bere aitarengan.
          Eta denon bizitzan hain garrantzitsua den amodioa ere hor egongo da.
            Kapitulu oso motzetan, erritmo handiaz hasten da kontakizuna eta gogoeta sakonagoetan egin ahala patxadatsuagoa bihurtzen, eta irakurketa arretatsuagoa eskatuko dizu. Protagonistak bera kontatuko digu bere bizitzaren berri; eta, bide batez, bere aitarena. Urduri samar jartzen naute protagonistaren izena jakitera iristen ez garen istorioak.
Guraso eta seme-alaben arteko harreman mota ireki eta egiatiak aurkezten zaizkigu. Inbidia apur bat sentituko dugu denok: gurasoak garenok bai, behintzat; pentsatzekoa da seme-alabek ere harreman jatorragoa nahi izango duzuela aita-amarekin. Baina… litekeena da nerabe batekin horren “banda zabala” izatea?  Posible da aita edo ama dinosauru batek bere prehistoria edukitzea, eta... kontatu nahi izatea?
Pastel samarra, baina gustatuko zaizu.
 
 
Rafa L.
 
 

 



2013-05-18

NINAK OSPA





NINAK OSPA
Marliese Arold
(Elkar, 2010)


Marliese Arold-ek Ninaren historia kontatzen digu liburuan. Nahiz eta zergatia ez zaigun zehazki ematen, Ninak bere gurasoen etxetik alde egin du Hanburg-era. Hasieran dena egingo zaio aldapa gora; baina Eileen ezagutuko du, honek lantxoa lortuko dio eta moldatzen joango da neska. Geroago Jonas ustezko argazkilaria azalduko da Ninaren bizitzan.
Nina zeharo dago maiteminduta, erabat itsututa eta edozer egiteko prest mutilarekikoak iraun dezan. Hasieran Printze Urdina zirudiena, luze gabe, azalduko da benetan den bezalakoa: gizon gorrotagarri, erasotzaile eta esplotatzailea.

Pertsonaia nagusia, Nina, nahiko inozoa ikusi dugu istorioaren hasieratik. Neska kontsumista eta burgesita mokofina da Nina; oso argitzat dauka bere burua, baina burugabe jokatu du eta arrisku seinale nabarmenak ez ditu interpretatzen jakin izan.


Kutsu didaktikoko kontakizuna egin du egileak. Gure bidean Jonas bezalako piztia gurutzatutakoan nola jokatu behar dugun aholkatu digu Marliesek. Besteei gertatutakoan errazago antzematen dugu mugak non jarri behar diren. Ikasiko al dugu Ninaren zoritxarretik?

Liburua erraza eta arina da, aukeran gordintxoa; baina hobe horrelakoak fikzioan ezagutzea inguruan gertatutakoan baino. Ikasiko al dugu behingoz, mundu honetako Jonas guztiak lehenengo bultzada, iraina edo kolpea iritsi aurretik pikutara bidaltzen?

Rafa L.

2013-05-17

SAGUAK ETA GIZONAK



SAGUAK ETA GIZONAK
(Of Mice and Men)
John Steinbeck
(1957)

 
            Nobela XX. mendeko 30eko hamarkadan AEBn kokatuta dago. George gizon txiki azkar eta iaioa da, bere lagun Lennierekin doa beti. Lennie handia eta indartsua da, langile bikaina, baina adimen ezgaitasunak jota, ume handia bezalakoa da. Biak etxalderik etxalde dabiltza aldikako nekazal langile gisa, baina ez dute inon egonaldi luzerik egiten Lenniek “gaiztakeriren” bat egiten baitu, eta –noski- iheska atera behar izaten dute, bertan garbituko ez badituzte. Lennie oso otzana da eta Georgeren esanak betetzen saiatzen da beti. Hal ere, zerbaitek beldurtutakoan, urduri jarri eta ezin du bere indarra kontrolatu, ingurukoei mina egitera iritsi daitekeelarik. Bikotea rantxo batera iritsi da eta ia betiko istorioa bizi izango dute oraingo honetan ere, baino oraingo honetan oso bestalakoa izango da amaiera.

             Lennie pertsonaiak, alde batetik, samurtasuna eragingo digu eta, bestetik, izutu egingo digu haren mina egiteko ahalmena. Georgeren portaerari buruzko zalantza handiak geratuko zaizkigu istorioaren bukaeran. Paisaia maisuki dago deskribatuta, bereziki nobela hasi eta buka egiten den eskenategiarena.

            Joan den mendeko klasikoa. Urtetan AEBko eskola askotan zuen mailakideek irakurtzen dutenak. Zapore gazi-gozoa utziko digun liburua, baina ederra dudarik gabe. Ahal duzunean irakur ezazu; ez zaizu damutuko.
 
Rafa L.
 
The novel opens with two workers who are crossing the country on foot to find work. George is a cynical, irresolute man. George looks after his companion, Lennie--treating him like a brother. Lennie is a giant man of incredible strength, but has a metal disability that makes him slow-to-learn and almost child-like. George and Lennie had to flee the last town because Lennie touched a woman's dress and he'd been accused of rape.
 
Ingelesa apur batean praktikatu nahi baduzu hona artikulu osoa (ulerterraza da):


2013-05-16

ZER BARKATURIK EZ

ZER BARKATURIK EZ
Alberto Ladron
(Elkar, 2011)

Mikel Izu bulegaria da. Orain, bereiztu berritan, izugarrizko bizitza lasaia eta geldoa eramango luke bere anaia alprojarengatik izango ez balitz. Julen, anaia, atera berria da kartzelatik eta haren erruz sartuko da Mikel bere kasa inoiz hartuko ez lituzkeen bide arriskutsuetan barrena.
Armentia inpektorearen etengabeko zaintzapean, mafia ukranianoaren erasoa, droga-trafikoa, neonazien meatxua eta jelosiak amorrarazitako senarra ezagutuko ditu gertutik Foru Ogasuneko bulegari apalak. Azkenean, hainbat nekealdiren pagua hartuko du Mikelek: amodioa.

II. Mundu Gerra garaiko asmatutako muga-pasadizo batetik hasita Istorio entretenigarria eraiki du idazleak; hori bai, oso sinesgaritasun apalekoa. Pertsonaiak eta haien arteko loturak oso ahulak eta lausoak dira askotan. Istorioa gehiegi bermatu egiten da protagonistek beraiek egiten duten kontakizunetan eta ez irakurleari “zuzenean” ikustarazi egiten zaion horretan. Honek freskotasuna kentzen dio emaitzari.
Erritmo bizian irakurtzeko moduko istorioa eskaintzen digu egileak, bukaera aldera apur bat moteldu egiten bada ere. Errematea nola eman erabakitzeko orduan gauzak ondo finkatuta ez baleude bezala. Liburu entrenigarria, gehiago ez.
Rafa L.

2013-05-15

ZAZPI ETXE FRANTZIAN



ZAZPI ETXE FRANTZIAN
Bernardo Atxaga
(Pamiela, 2009)



Chrysostome Li├Ęge gazteak, Belgikako Force Publique-an sartu ondoren, Kongoko Yangambiko goarniziora bidali dute. Lehenengo egunetik beretik erakutsi du ez dela gainontzeko soldaduen tankerakoa. Chrysostome gazte isila, serioa eta fededuna da. Ez da emakumeengana hurbiltzen ezta alkoholik probatzen, nahiz eta paraje haietan bekatua eta mozkorraldia izan eromenari ihes egiteko bide bakarrak.
Ezberdina izateak eta fusil-tiratzaile aparta izateak armakide askoren herra eta bekaizkeria ekarriko dizkio, Van Thiegel tenientearena bereziki.

Istorioa era linealean dago emanda, oso atzerako salto gutxiz. Pertsonaia ugari dago eta kontakizunak pertsonaia batetik bestera salto egiten du logika handirik gabe eta protagonista nagusia –Chrysostome- kapitulu askotan deslai utzita.
Abenturako protagonistak oso kanpotik daude deskribatuta, bere barne bizipenetara iritsi gabe. Era berean, gai asko ukituko ditu testuak: erlijioa, kolonialismoa, esklabutza, negozio zikinak, etnografia ere egitera iristen da. Gai asko, baina beti azaletik eta narratzailearen posizionatze argirik gabe.

Idazleak izkin egiten die tentsioko uneei eta lapurtu egiten dizkio irakurleari.

Hasierako “flash exotikoa” pasa ondoren, istorioak interesa galdu eta astuna egiten da. Freskotasuna falta zaio.






Rafa L.

2013-05-05

RABAN HEROIA- FUTBOLARI BASATIAK

 
 
RABAN HEROIA – FUTBOLARI BASATIAK
Joachim Masannek
(2003, Mezulari-2011)
 
Zer da hau? Blog honetan ere ez al gara libratuko futbolaren zaparradatik? Benetan sentitzen dut, baina Raban hau hain egin da famatua non jakin-minak aurre hartu egin die kirol erregea pikutara bidaltzeko aspaldiko zinei eta irakurri egin dut.
 
Zazpi eta hamahiru urte arteko neska-mutilek osatutako auzoko futbol taldea dira Futbolari Basatiak. Raban heroia taldeko jokalari kaxkarrena da. Nahitaez jantzi behar dituen edalontzi ipurdiko betaurrekoek ez dirudite oso aproposak ustezko kirolari iaioaren piura zaintzeko, baina saiatu egiten da eta Futbolari Basatietako taldekideek jasan egiten dute… hankasartzea handiegia izango den arte: Rabanek txuponeatutako jokaldi batean kale egin eta partida erabakiorra galduko dute. Orduan lurjota ibiliko da mutila, denek txokoan utzita. Willi entrenatzaileak gaztetxoa adoretzen saiatuko da eta erakutsiko dio nola argitu bere etorkizunari buruzko zalantzak antzinako jokalari handien izpirituen laguntzaz.
 
Raban oso mutil atsegina egiten zaigu, baina seguraski ez genuke inola ere gure gelako ekipoan hartuko. Zergatik onartzen dute Basatiek? Asko iraungo al du taldean?
 
Liburu hau serie bateko alea da; aurreko liburuetan bizi izandakoen aipuak etengabekoak dira eta agian ez da Raban ezagutzen hasteko egokiena. Irakurketa arina eta erraza da. Agian aproposagoa apur bat gaztetxoago direnentzat.
 
Rafa L.