2011-11-12

A ZER GAUPASA!


A ZER GAUPASA!
M.A. Mintegi
(Elkar, 2000)





Uda hasierako gau epel batean, gazte koadrila batekoak, aspaldian itxaron izan duten rock kontzertuaz gozatu beharrean, koadrilako neska txolinaren –Leireren­- jokabide burugabea dela eta, abentura arriskutsu eta kitzikagarrian sartuta ibiliko dira egunsentira arte. Igor eta Miren ibiliko dira droga-saltzaile arriskutsu batzuen beldur eta, hala ere, haiei jarraiki Leire salbatzearren. Amodioak ere izango du bere partetxoa gau hartakoan.

Istorioa linealki dago kontatuta, inongo denbora-salto edo horrelakorik gabe. Ingurua eta giroa, hasieran behintzat, oso ezagun egiten zaizkigu. Kontakizuna aurrera doan neurrian gero eta fantasiosoago bihurtzen da eta sinesgarritasun apur bat galdu –eta emozioa eta kilika irabazi. Hori bai, pelikulako gaiztoak tontotxoak ere badira.

Oro har, era atseginean eta erraz irakurtzen den liburua da eta dibertigarria suertatuko zaigu; nahiz eta zenbait pasartetan, drogaren aurkako mezua hainbeste azpimarratzeak kutsu didaktiko gehiegitxo eransten dion liburuari.


Rafa L.

2011-11-10

ZAZPI BIDER ZAZPI







ZAZPI BIDER ZAZPI
F. Juaristi
(Erein, 2005)

Hiri handiko auzunea utzita, herri txiki batera aldatuko da Sebastianen familia. Mutila beste gazte batzuk ezagutuko ditu eta haien koadrilan sartu ahal izateko zazpi froga gainditu behar izango ditu.Sebastinek froga hauetan dauzkan zailtasunak gainditzeko askotan eskatuko die laguntza bere hiriko lagunei eta hauek zintzo-zintzo etorri eta estualditik aterako dute. Egia esan, frogak ez dira batere originalak, eta azkenekoak, bereziki, oso modan egondako pelikula bat ere ekartzen digu gogora.

Pertsonaiak bitxiak dira, ez oso sinesgarriak, beste garai batekoak: mutilak mendiko txaboletan biltzen zirenetakoak, neskek festako erregina izan nahi zutenekoak edo gaztetxoak auzoko agure xarmangarriekin liluratuta egoten zirenekoak.
Istorioa aurrera doa, ez berez; nekez, arrastaka, inongo sorpresarik gabe eta eskema zurrun bati jarraiki; kapitulu guztiek garapen bera dutelarik. Eta kapitulua nondik bideratu argi ez dagoenean irtenbide bera: behartuta sartutako flash-backa.
Gazte literatura egiteko ez da nahikoa pertsonaia gazteen irudia eta perpaus motzak erabiltzea. Badirudi egileak egungo gazteekin harreman handirik ez duela, beren kezka eta mobidetatik urruntxo dabilela: Euskal Herri osoan ez dago Sinatra maite duen gazterik!

Zaila egiten zait hau esatea, ez nuen inoiz pentsatuko Felipe Juaristiren lan bati buruz horrelakoak esan behar izango nituenik; baina, egia esatera, oso kalitate txikiko liburua da. Durangorako bolumena egiteko ekartzen diren horietako beste bat. Literatura negozioa ere badela gogorarazten diguten horietako bat.


Rafa L.