2012-01-12

HERIOTZA ZURIZ JANTZITA


HERIOTZA ZURIZ JANTZITA
M.A. Mintegi
(Ibaizabal,2011)


Oraingo honetan gazteentzako liburuetan estreinakoz ikusi izan dugun inguru batean burutzen den abentura ekarriko digu M.A. Mintegik. Izan ere, istorioko pasadizoak goimendi giroan burutzen dira, Pirinioetan hain zuzen ere.
Lau lagun doaz asteburu pasa koadrillako biren Pirinioetako jaioterrira. Bidean, gasolindegian, neska brasildarra etorri zaie laguntza eske. Gazteak konturatu orduko, piura susmagarriko gizonkote batzuek eraman dute neska.

Herrixkara iritsitakoan, bertako “azken berriaz” jabetu dira gure neska-mutilak: "kluba" zabaldu behar omen dute mendialdeko herri lasaian. Sustatzaileak -gasolindegiko tipo arraroak- eta bere babesleak -herriko poliziak- gogor saiatuko dira bere negozioan muturra sartu nahi edota behar izango duten gazteak uxatzen.
Ez dugu gehiago kontatuko istoioa ez destripatzeko.

Mintegik ohi duen kontaketa arina eta dinamikoa erabili du oraingoan ere. Erraz-erraz irakurriko dugu, Inguruko idazlea izanda, bere hizkera ez zaigu batere arrotz egingo, Tirada batean irakurri nahi izango dugu: nabari da idazle iaio eta istorioak kontatzen eskarmentu handia duen baten aurrean gaudela. Liburuak merezi du, dudarik gabe.

Oso dibertigarria izatez aparte, sexuaren inguruko negozioetan askotan dagoen mixeria eta zorigaitza salatu nahi izan ditu idazleak? Zein izan da bere asmoa liburu honekin? Galdetuko diogu.

Eskerrak gugandik urrutiko kontuak direla hauek guztiak edo… hurbiltxoago ere topa al genezake hemen kontatutakoa gerta litekeen tokirik?


Rafa L.