2007-10-10

BALOIKA


Baloika
Aingeru Epaltza
(Pamiela, 2000)



http://kritikak.armiarma.com/?p=162
Armiarman topatuko dugun kritikaren zati bat:

“Ikastola aurrera!” Lutxo Egia / Deia, 2001-02-09

Lehengo batean Felipe Juarisitiri entzun nion ume- eta gazte-literaturan oso liburu onak plazaratzen direla. Ni neu bat nator, guztiz gainera, aipu horrekin. Liburu ugari ez ezik, oso liburu gomendagarriak ere badauzkagu umeentzat zein gazteentzat.

Baina askotan idazleek erabili euskara ederrak helduok ere bultzatzen gaitu horrelako liburuak irakurtzera. Aingeru Epaltzaren Baloika liburu horietako bat da. Liburua zabaldu, narrazioan barneratu eta, une batez, aukera ezin hobea topatuko dugu zein zaharrak garen ahazteko. Ume bihurtuko gara oharkabean.

Mikeltxo ikastolako futbito taldearen atzelaria da. Taldeak martxa ona darama, harik eta El Bordin eskolako taldearen trikimailuen kontra topo egin arte. El Bordin-ek Zerri-fina jokalari beldurgarria dauka. Partida galdu eta gutxira, futbolean jokatu esan beharrean baloika aritu dioen Santi argala azalduko da ikastolara. Mikeltxok-eta Arkasuso deitzeaz gain, erabaki dute ez diotela pelota pasako. Baloia, dena den, haren oinetara iritsi, jokaldi ikusgarriak egin eta hamaika gol sartuko ditu guztien harridurarako. Den-denak aho bete hortz geratuko dira izar berriarekin. Barkatzeko eskatu ere egingo diote, Ibaik izan ezik. Ibai hura izorratzen ahaleginduko da, baina alferrik. Hemendik aurrera, konta ezin daitezkeen hainbat kontu gertatuko dira. Horien berri izateko, noski, irakurri beharko duzue liburua.

Aingeru Epaltza idazle inportantea da gure literaturan, ez dago zertan gogorarazi. Hemen ederto islatzen ditu errealitaterari lotuegiak dauden jazoera batzuk. Agerian geratzen da zenbat traba dauden bere herrian gol bat sartzeko. Futbitoa aitzakia, Nafarroako egoera bereziaren testigantza ederra lagatzen du, ironia handiz gainera. Irakurle ttikienari ere ez zaio ihes egingo El Bordinen eta Ikastolakoen arteko borroka zertan datzan. Nork bere mamuak ezagutuko ditu. Hala ere, Epaltzak badaki oso ondo bere ofizioa, eta agerikoak direnak izkutuan geratuko zaizkigu.

Bestalde, azpimarratzekoa da gure pertsonaia nagusiaren, Mikeltxoren, izaera. Pertsonaia nagusia izateagatik heroia dugu, noski. Baina zer nolako heroia, ordea? Azken orrialdea irakurri arte, idazleak geure buruari galdetzera behartuko gaitu.


No comments: