Showing posts with label BIKOTEAK. Show all posts
Showing posts with label BIKOTEAK. Show all posts

2013-10-31

EZ ZUTEN ERANTZUN

 
EZ ZUTEN EZER ERANTZUN
Oier Santos
(Erein, 2012)

 

                Koadrilako gehienak unibertsitatean hasi dira ikasturte honetan. Neska-mutilak maila ertainekoak dira (eskuinaldeko bailarakoak) eta bistan da kontsumorako joera itzelaren menpe bizi direla. Parrandarako ametsetan daude uneoro: alkohola eta sexua. Baina “paradisu” honetan bizi izandako zoriona hutsal eta iraungaitza zapuztera etorriko da hondartzan antolatu duten festa beroan gertatuko den zerbait. Danelek eta Elak osatutako bikotea izango da istorioaren gunea Jaitz tartean paratzen den artean.

                Istorioaren hariak daukan trataera da atentzioa gehien ematen duena. Historia hasieratik kontatzen dizkiguten kapituluak, “zera” hura gertatu ondorengoa kontatzen dizkigutenekin tartekatzen baitira. Baliteke antolaketa honek jakinmina apur bat areagotzea, baina dexente zailtzen du irakurketa patxadatsua. Pasarte batzuk sinesgaitzak dira erabat, Nikolek pistola nola lortzen duen esaterako. Pertsonaiak niri ez zaizkit oso sinesgarriak egin, baina azken boladan urrun samar nabil “parrandromoetatik” eta ez naiz oso ondo enteratzen. Kontatuko didazue irakurritakoan.

                Izan ere, ez dakit zergatik, baina irakasleari gehiegi atsegin ez zaizkion eta ikasleak zoratzen dituzten kontakizun horietako baten aurrean ote gauden zalantza daukat… eta zuetako askok irakurtzea aukeratuko duzuela susma nezake.

Rafa L.
 
 
 



2013-02-22

MOTOA


MOTOA
Juan Kruz Igerabide
(Alberdania, 2012)
 

            Irenek liluratuta, berari erabat ezezagun zaion mundu batean hasiko da mugitzen Igor. Ez du oso ondo ulertzen zer ikusi ote duen horrelako neska polit batek –bera baino zaharragoa, gainera- bera bezalako tipo arrunt batean, baina gehiegi pentsatu gabe ere, animatu da neskaren gau ibileren lagun izatera. Denek ohartarazi dute horrelako lagun batek ekar liezazkiokeen kalteez, baina Igor txundituta dago, maiteminduta ia.
Eta muturretan lehertu zaio puxika mutilari: Irene ez dauzka asmo zuzenak Igorrekiko eta bere morroi nahi du droga gamelu gisa, besterik ez. Kolpe latza izango da gaztearentzat eta honek mendekua prestatuko du.

            Istorioa ez da oso sinesgarria, pertsonaiak artifizialki daude banatuta bi ekipotan. Kaleko giroa ez dago ondo islatuta eta kontakizuna ekintzen segidara mugatzen da; ez da nabari hauek denak lotuko dituen sentimendu, pasio edo horrelakorik. Familia da gazte hauek (onen ekipokoek) duten altxorrik handiena, nahiz eta familia halamoduz egon. Egileak umea balitz bezala tratatu nahi du protagonista, eta mundua bere kasa deskubritzeko aukera gutxi emango dizkio. 

            Onberatasun didaktikoa dario kontakizun guztiari. Igande arratsaldeko telebistako filmarena-edo. Lehendik ere aipatu izan dugu, gure aburuz, Igerabideren hainbat liburu hondatzen duen Katekesi kutsua. Hala ere, ez fidatu gehiegi nire iritziarekin eta irakurri: azkar eta aisa egingo duzue. Gero pozik entzungo ditut zuen iritziak, ea tronpaturik nagoen!
 
Rafa L.

 Liburuaren hasiera irakurtzeko aukera baliatu:



2012-11-19

IZAR MALKOAK




(2008-02-11)

Fernando Morillok bisita egin digu. Bere idazle-sekretotxoen eta idazterakoan sentitzen dituenen berri eman digu. Oso arratsalde majoa pasa genuen elkarrekin.





IZAR MALKOAK
Fernando Morillo
(Aizkorri)


Liburu hau asko gustatu zait, gaur egungo gazteei gertatzen zaizkien gertaera eta pasadizoekin zerikusia baitu. Gazte batzuei elkarren artean gertatzen zaizkien gorabeherak kontatzen ditu eta istorioak interesgarriak dira. Oso erreza egin zait irakurtzeko eta ulertzeko eta beraz ez zait batere astuna eta aspergarria egin. Beraz gustatuko zaizuelakoan irakurtzera animatzen zaituztet!

Amaia Z. 3B (2006-07)



Liburu hau ikaragarri gustatu zait, oso dibertigarria eta ederra iruditu zaidalako. Istorioan zehar gertatzen diren gauza guztiak gure adineko gazte batzuei gertatzen zaizkie, nahiz eta ni ez sentitu beraiekin identifikatuta. Irakurtzeko eta ulertzeko erraza iruditu zait, batere zailtasunik gabekoa. Nik liburu hau irakurtzera, amodiozko gertaerak gustatzen zaizkien pertsona guztiak gonbidatuko nituzke.

Alaitz T. 3B (2006-07)











2012-10-03

KANDINSKYREN TRADIZIOA
















Kandinskyren Tradizioa
Ramon Saizarbitoria
(Erein, 2003)

Miren neskato gaztea da. Ez du sekula amodio harremanik izan eta bere lagunen aurrean ondo gelditzeagatik-edo, erlazio bat duela esaten du. Baina, halako batean, bere "ametsetako" mutila aurkitzea iruditzen zaio. Honekin erlazio bat hasten du gehiago beharragatik gogoagatik baino. Nola bukatuko ote da erlazio hau?

Xabier L. 4B (2005-06)



Larri bizi du Mirenek -adina delako edo- mutil batekin “derrigor” hasi behar hori. Hastapenean, ustez, erlazio ederra zena egunez egun gogor eta latzago egingo zaio neskari eta azkenean amodioa desgogoan egin izana ez dio asko lagunduko.
Baina zoriontsu egin gaitzakeen hori beti dago nonbait. Eta, hasieran, Mirenen irudimenean bizi bazen bakarrik, hezur-haragituta topatuko du gazteak azkenean. Eta oraingoan, ez. Ez dio zorionari ihes egiten utziko neska adoretsuak.
Aspalditxoan amaiera zoriontsuko libururik irakurri gabe eta... gustura hartzen dira honelakoak.
Liburua irakurtzeko bi baldintza: neska (edo neskak maite dituena) izatea eta heldua . Horrelakoa al zara?

Rafa L.



Urte Zahar gau iritsi da eta Miren kalera jaisten da mutil bila. Lehendabizikoa aurkitu eta izena galdetzen dio; mutilak Mirenen izena asmatzen du. Mireni betidanik gustatu izan zaio Aitor izena, mutil horren ere Aitor izena du. Lagunak egiten dira eta bikotea izatera iristen dira. Aitor ezagutu ahala, Aitor zakarra dela, maitagarria ez dela, bere ametsetako mutila bezalakoa ez dela konturatzen da Miren.
Manu da Mirenen ametsetako mutila, eta denei kontatuko die Manurekin ustez egiten dituena egiazko balira eta (...)

Maitane A. 4B (2005-06)



Liburua oso polita da, niri asko gustatu zait, zeren amodiozkoa da eta, gainera, gazteak dira protagonistak. Liburuaren amaiera arte ez duzu imaginatzen ere nola bukatuko den istorioa, eta ez zara irakurtzen aspertzen. Engantxatu egiten zaituenliburua da.
Gazteei buruzko eta amodiozko liburuak gustatzen bazaizkizu, ... hau da zurea!
Ez zara damutuko irakurri izanaz!

Nerea Ab. 4B (2005-06)


Kandinskyren emaztearen anekdota bat abiapuntutzat hartuz, neska gazte baten aurreneko sexu esperientzia kontatzen digu liburu honek. Hala dirudien arren, ez da amodiozko istorio arrunt bat, ez adolestzenteentzako eginda dagoen maitasun-goxokoa; neskak bere buruan duen mutil ideal horrek ez baitu zer ikusirik lehenengo aldian egokitzen zaion mutil zakarrarekin.

Miren I. 4B (2008-09)




Istorioa orokorrean nahikoa erreala egin zait, nahiz eta amaieran kasualitate handi samarrak egon. Bestalde, Mirenen portaera inozoena iruditu zait: gehiago pentsa zezakeen gauzak egin aurretik. Hala eta guztiz ere, istorioan barneratuta sentiarazi nau.
Jaione Z. 4B (2008-09)


e-liburutegian eskuragarri

2012-09-29

PIRTZINA ZILBORREAN


PIRTZINA ZILBORREAN
Antton Kazabon
(Elkar, 2004)

Telefonoz arituko da Aitor bere neska-lagunarekin, Joanarekin. Baita Iratirekin ere. Aitorrek biziki maite du Joana, baina Iratik eskaintzen dion erlazio mota berriak kitzikatu egiten du: hain da ederra Irati! Hain sexy dago bere zilborreko pirtzinaz!
Eta belarria telefonoan berotzen duen bitartean, ezin erabakirik ibiliko da Aitor koitadua: dena probatu nahi, denari eutsi nahi... eta ezin?

Telefono berbaldiak dira kontakizunaren oinarria, inolako narratzailerik gabe, elkarrizketen lekuko zuzenak gara irakurleok; honela, historia gertu-gertutik bizi ahal izango dugu. Oso erritmo bizikoa, atsegina, eta -nahiz eta jira eta bira ugari egin betiereko galderari: benetan maite nauzu?- aspertzen ez gaituena. Egungo gazteak ondo islatuta dauden-edo zuek erabaki behar, adinean pasatxo gaudenok ezin galderatxo honi buruzko taxuzko ezer esan.

Liburu erraza eta gustagarria. Tesi handirik gabekoa izan arren, irakurleak mugiarazi eta, garbiki, pertsonaien alde edo aurka jarriko gaituena. Aitor zerri hutsa edo maitasun-zalantzak jipoitutako gu bezalako tipo jatorra al da?

Animatu irakurtzen! Baietz tirada bakarrean irentsi!

Rafa L.

2012-03-22

MAITASUNA BESTERIK EZ


MAITASUNA BESTERIK EZ
Marliese Arold
(Elkar, 2007)



Neska “arrunta” da Sandra. Baina nondik eta nola ez dakielarik, orain artean bere lagun minekiko -mutila- sentitutakoarekin zerikusirik ez daukan zerbait hasiko da sentitzen Meikerekin. Meike, neska konprometitua etxean, gazte mugimenduan, antzerkigintzan... erakargarria egin zaio Sandra neska pija-ri. Hasieran, honek, beste neskarekin maitemintzeak, izugarri aztoratuko du Sandra; baina gerora, onartu, lasaitu eta amodioaz gozatzen hasiko da.

Akzioa Alemanian-edo burutzen da. Atentzioa ematen du nobelan gazteek daukaten dibertitzeko era: dena kontsumitzean datza, erosi, erosi eta erosi. Eta istorioan agertzen zaizkigun gaztetxoak, gure artekoekin konparatuta, luxuzko baldintzetan bizi direla ematen du.

Hainbat kritikatan homosexualitatea era ausarta agertzen duen liburua dela irakurri ahal izango duzue; baina protagonista bere sentimenduekin konturatutakoan, bere buruaren etengabeko justifikazioan arituko da.

Idazleak tesia –homosexualitatea ez dela ezer txarra- mantendu eta azpimarratu behar izanak kontakizuna zapaldu eta asperduraren gurpilean sartzen du gehiegitan.

Rafa L.

2012-03-21

BIHOTZ AUSARTA


BIHOTZ AUSARTA
Joanes Urkixo
(Alfaguara-Zubia, 1996)



Urtzi maiteminduta dago, baina nola esan Oihanari? Neskari bere amodioa aitortzeko puntuan dagoenetan, ausartu ez eta mutilaren frustrazioa handitzen doa. Ikasketetan gauzak ere ez doazkio ondotxo eta hau guztia gutxi balitz, badirudi Txispas aurrea hartzen ari zaiola eta Oihanaren “lagun kuttun ofiziala” postua lortzeko puntuan dagoela. Noizbait koldarkeria alde batera utzi bere buruarekin konfidantza hartu eta benetako Bihotz Ausarta bihurtu behar izango du Urtzik. Ausartuko al da?

Kontatzen den istorioa inozo samarra da, pertsonaiak oso sinple eta alde bakarrekoak dira, baina maitagarri egiten zaizkigu. Bestalde kontakizunak ez dauka sorpresa handirik eta badakigu ia hasieratik gauzak ondo aterako zaizkiola protagonistari. Hala ere, gustagarri egiten zaizkigu pasadizoak, eta gu hunkitzera ere iritsiko dira batzuetan.

Gaizki bukatzen diren istorioekin nazkatu samar baldin bazaude; liburua bukatutakoan ezpainetan irribarre inozoa eduki nahi baduzu; zuk ere Urtzik bizi duen amodio-zorionaren partaide izan nahi baduzu; oso neska edo mutil erromantikoa bazara... liburu hau zuretzat da egina. Ausartu zaitez “Bihotz Ausarta”rekin!
Rafa L.

2008-04-03

ITSAS LABARREKO ETXEA



Itsas labarreko etxea
Miren Agur Meabe
(Aizkorrri, 2001)


Asko gustatu zait liburua, atseginez irakurri dut. Protagonistak bere nerabezaroko bizipenak ditu hizpide, eta horiek guztiak bere koaderno more maitean ditu bilduak.
Misterio eta maitasun kutsu bat ditu liburuak. Joanak bere lehenengo printze urdina ezagutuko du eta, bestelade, itsaslabarrean etxe misteriotsu bat aurkitzen dute eta, bertan, hainbat abentura eta momentu zirraragarri igaroko dituzte.
Edozeini gomendatuko nioke liburu hau, bereziki nerabe eta misteriozaleei. Anima zaitez irakurtzera, ez zara damutuko eta!

Ainara E. 3B 2007/08



Liburu honetan kontatzen den istoria asko gustatu zait. Joana izeneko gazte batek kontatzen digu 16 urte zitueneko udara hura. Kontatzen digunez, ez da denbora asko pasa uda hartatik, baina uda hark bizitza beste era batera ikustera eraman zuen.
Joanak esaten digunez mutil bat ezagutu zuen egun haietan: Alain. Beraien arteko harremanaz hitz egiten digu liburuan, nahiz eta une zoragarriak pasa elkarrekin, une zailagoak ere etorri ziren Joanarentzat, heriotzak...
Erraz irakur daiteken liburua da eta oso entretenigarria. Animatu eta irakurri!

Alexandra E. 3A 07-08