2016-11-19

33 EZKIL





33 ezkil(a)
Miren Gorrotxategi
(Elkar, 2016)


     Garizmendi baserrian bizitza ez da inoiz erraza izan. Fermin maiorazkoa eta Estanis anaia etxearen jabegoa eta emakume bera –Karmen– lortzearren ibili ziren lehian askotan. Eta borroka horren ondorioak pairatuko dituzte etxeko umeek: Aitor eta Nestor –Karmen eta Ferminen seme bikiak–. Urteak pasatakoan, Nestorri geratuko zaio familiaren kargua. Bera artista da eta ez du maite baserriko lana. Maite, Berta maite du, baina aspaldian utzi zuten –neskak utzi zuen Nestor–. Nahiz eta, berriro bueltatuko diren esperantza txikia eduki, bai mutilak, bai Karmen amak; honek izugarri maite du Berta, semeak behar duen taiuzko neskatzat baitu.

     Estanisen negozio zikinek eta diru-goseak ekarriko diote hondamendia familiari. Eta Ferminen apustuetako grinak ere izango du zerikusirik etxekoen zorigaitzarekin eta bere heriotza tristearekin. Ertzainek ikertuko dituzte gertakariak.

     33 Kapitulu motzetan aurkezten da istorioa. Egun gertatzen ari den historiaren zergatiak argitzeko atal bakoitzaren bukaeran  flash-back modukoa ematen da, aurrekariak azaltzeko. Kontatu nahi diren antzinako gertakariek ez dute beti oraingoetan isla. Eskema hau agian zurrunegia egiten da eta kontakizunari enbarazu egiten dio.

     Hasieran interesa pizten duen narrazioak indarra galtzen du aurrera egin ahala. Baina merezi du. Idazlearen estreinakoa da, etorriko dira borobilagoak.

Rafa L.