2013-05-19

 
 

BLOG
Jean-Philippe Rondel
(Alberdania, 2012)
 
          Aita “arduratsua” da Philippe, protagonistaren aita, eta semearen bizitzan –blogean- kuxkuxeatzeko aukera izan duenean, buru-belarri hasi da horretan. Zabarki egin du, ordea, eta semea azkar asko konturatu eta kargu hartu dio aitari. Ordainetan, aitak bere nerabezaroko sekretu guztietan arakatzeko bidea eman dio semeari. Behinola nerabe maitabera, arduratsua, ekintzailea, handiak pairatutakoa izan zena deskubrituko du semeak orain artean horren grisa iruditu izan zaion bere aitarengan.
          Eta denon bizitzan hain garrantzitsua den amodioa ere hor egongo da.
            Kapitulu oso motzetan, erritmo handiaz hasten da kontakizuna eta gogoeta sakonagoetan egin ahala patxadatsuagoa bihurtzen, eta irakurketa arretatsuagoa eskatuko dizu. Protagonistak bera kontatuko digu bere bizitzaren berri; eta, bide batez, bere aitarena. Urduri samar jartzen naute protagonistaren izena jakitera iristen ez garen istorioak.
Guraso eta seme-alaben arteko harreman mota ireki eta egiatiak aurkezten zaizkigu. Inbidia apur bat sentituko dugu denok: gurasoak garenok bai, behintzat; pentsatzekoa da seme-alabek ere harreman jatorragoa nahi izango duzuela aita-amarekin. Baina… litekeena da nerabe batekin horren “banda zabala” izatea?  Posible da aita edo ama dinosauru batek bere prehistoria edukitzea, eta... kontatu nahi izatea?
Pastel samarra, baina gustatuko zaizu.
 
 
Rafa L.
 
 

 



No comments: