2011-08-08

TANGERKO AMETSAK




TANGERKO AMETSAK
Jon Arretxe
(Erein, 2011)


Jon Arretxek azken liburuetan erabili izan duen formularen ildotik egin du Tangerko ametsak nobelan ere: trama beltza + bidaia. Hobe nahian Europara egin beharreko ibilbidean Maliko eta, oro har, Afrika beltzeko gazteak nahiko errazki iritsiko dira Maroco itsasertzera, baina Europarako saltoa lan nekezagoa izango da. Hau da Moussa gure protagonistaren kasua, Bamakotik iritsitako gaztea beste hainbatekin bilduko da Tangerren bere aukeraren zain. Norbaitek ez du hau begi onez ikusi eta zuzenean “garbiketa sakona” egitea erabaki du.
Nobela honetan, ordea, hildakoek ez dute inoren jakin-mina piztuko eta inor ez da hilketekin arduratuko.
Bukaeran istorioak salto egiten du patua, aztikeria eta misterioaren aldera. Eta zoritxarra saihestu ezinezkoa denaren zapore garratza utziko digu kontakizunak.

Arretxeren aurreko liburuetan zeukana baino pisu gutxiago du “gidarenak” azken liburu honetan. Apika bidaiarientzako aholkutzat har daitezkeenek garrantzia handiagoa dute Tangerko leku aurkezpenak baino. Aurreko beste liburuetan erabili izan duen umoretik ez dugu ikusi kontakizunean; izan ere, egoerak ere ez dira oso jai girokoak.

Agian gai gehiegi ikutu nahi izanak intentsitatea kendu die guztiei eta, itxura, axaletik landuta geratu dira. Emakumeen sexu-esplotazioa, ume gaixoen egoera tamalgarria, pateren mafiak, poliziaren ustelkeria, turista “zintzoak” eta “gaiztoak”… ez dugu oso argi ikusten zein den idazleak gehien azpimarratu nahiko lukeen gaia.

Linealki kontatuta dagoen istorio batean, txertatu egiten dira hilabete batzuk geroago gertatuko denaren flash modukoak, oso azkenean bi azpistorioren arteko zerikusia argituz.
Pertsonaiak ondo taxututakoak dira eta sinesgarriak egiten zaizkigu. Beharbada, supituki Fatimari protagonista papera kentzen dion Laurari buruzko zerbait gehiago jakin nahiko genuke.

Erraz eta gustura irrakurtzen den nobela da. Oso aldatuta ikusi dut idazlea: serioago, tristeago. Irakurri, merezi du-eta.


Rafa L.



No comments: