2013-01-30

35 KILO ESPERANTZA



35 KILO ESPERANTZA
Anna Gavalda
(Alberdania, 2004)


Txikitandik eskolan okertxo joan zaizkio gauzak Gregoireri. Trebea da eskulanetan, baina ez du konfiantza handirik bere buruan eskolako beste lanei aurre egiteko orduan. Etxeko giroa ere ez du hoberena, aita eta ama beti baitabiltza haserre elkarrekin.
Aitona Leonek lagunduko dio Pottori –Gregoireri- eta, etengabe, zorionaren bila borroka egin dezala aholkatuko dio. Azkenean, eskola berrira joango da Gregoire, han denak hobera egingo du. Aitona gabetsiko du Pottok ikastetxe berrian.

Protagonista bera da bere bizipenak kontatzen dizkigunak, horregatik sentituko ditugu haren mina eta ezina horren gertu; horregatik, zenbaitetan, kutsatuko zaigu honen erraz haren pena.
Gregoire bere bizitzaren zertzelada solteak ematen dizkigu, baina pusketatxo horiek protagonistaren sentipen osoaren eta bere mundu ikuspegiaren berri zehatza emango digute.

Oso liburu ederra da. Batzuetan, agian, “pastelegia”, baina beti goxoa eta, aldi berean, indartsua; baxu samar gabiltzanean indarra eman liezaguketen liburu horietakoa. Irakur ezazu, on egingo dizu.

Rafa L.

2013-01-28

SARA IZENEKO GIZONA


SARA IZENEKO GIZONA
Bernardo Atxaga
(Pamiela)

froga data: 2007-03-09

Aspaldian irakurri liburu hau. Ez dut gauza handirik gogoratzen, baina bai abenturazkoa dela. Lehen Gerrate Karlista suertatzen ari zen bitartean, Martin Saldiasek, bere ardo-tratulari ofizioa aprobetxatuz, karlistentzako espioi lanak egingo ditu eta horrek ia heriotzaraino eramango du bizkaitar ausarta. Liburu atsegina eta arina egin zitzaidala dut gogoan. Agian berrirakurri eta kontatuko dizuet gehiago.

Argitaletxeko orrian http://www.pamiela.org/ begirtzen baduzue, honako pasarte honetaz aparte besterik topatu ahal izango duzue:


Garai nahasi haietan, asko izan ziren historia xume baten jabe egitera iritsi zirenak. Haietariko bat Martin Saldias izan zen, Zumalakarregi jeneralaren zerbitzuan zelatari modura borrokatutako gizona, gerrara bere gogoz joan zena, eta adiskideek Sara goitizenaz ezagutzen zutena. Bere historia, edo hobeki esanda, bere historiaren zatirik arriskutsuena, bidaia batez hasi zen...


Rafa L.

2013-01-25

HILOBIKO ISILTASUNA



HILOBIKO ISILTASUNA
Arnaldur Indridason
(Batera Saila, 2010)


Bi istorio ematen zaizkigu Indridasonen liburu honetan.

Lehenengoa: Islandian 1940.eko hamarkadan kokatutako istorioa kontatzen zaigu nobelan. Haurtzaro zail eta deserrotuak izan dituzten pertsonaiak etxeko indarkeria eta emakumearen zapalketa ardatz duten istorioaren protagonistak izango dira. Umeak ere tartean egongo dira eta sufrituko dute egoera. Kontakizuna tragikoa da eta bukaera gogorra izango du.

Bigarrena: XXI. mendearen hasieran giza hezur batzuk azaltzen dira Rekjiavik inguruko orube batean. Poliziak saiatuko dira antzinako historia argitzen. Honetarako ahazturatiko hainbat kontu zahar errekuperatuz.

Bi ildo hauei dagozkien pasarteak nahastu egiten dira kontakizunean, abisurik gabe, baina errazki antzematen zaio, eta tartekatze horrek ez du irakurketa zailtzen. Tentsioa oso ondo mantenduta dago eta ia bukaeraraino ez dugu jakingo norena den lurperatutako hezurdura eta gure irakurle-hipotesiak aldatuko ditugu behin eta berriz. Iparraldeko Europako nobela beltza berriak ekarri dituen polizia gizatiar, penatu, bizitza pribatu desastre dutenak, zorigaitzak jotakoak… izango dira Erlandur eta bere taldekoak. Istorio guztia oso sinesgarria egiten zaigu.

Liburua luzetxoa bada, oso erraz irakurtzen da, interesa eta tentsioa mantentzeko gai da une oro. Komenigarria horrelako istorio latzik irakurtzea, gure artean horrelakorik inoiz onar ez dezagun. Gogorra oso, baina itxaropenari atea zabalik utziko diona.

Gaztelerazko bertsioan liburu honi "La mujer de verde" titulua jarri diote. Konturatu orduko, bigarrengoz ari nintzen liburu bera irakurtzen; beraz, argi ibili honekin.
Rafa L.

2013-01-23

YOLANDA




YOLANDA
Pierre Lhande

Euskaldunen lurralde garbi eta fededunetara Flandratik etorriko dira arrotzak bazterrak nahastera eta herriko alaba euskaldun ederra laidotzera. Horregatik euskaldunek behar dugu arrotzekin mesfidati izan eta gure lurraldetik bota. Izan ere, zertarako behar dugu kanpokorik gu baldin bagara hoberenak? Jakina da: olari hoberenak, itsasgizon hoberenak, kantari finenak, dantzari lerdenenak... euskaldunak gara.
Kanpoko guztia mehatxu gisa ikusten du nobelaren egileak, eta “euskaldun fededunei” ohartarazten die argi ibil daitezen ohitura arrotz eta pekatuzkoekin.

Kontatzen den istorioa oso da laburra, xinplea, tolesgabea. Neska ontziratuaren erromantzea ekarriko digu gogora; baina, oraingoan, euskaldun zainartek beren nesken ohorea babesten jakingo dute.
Bide batez, euskal folkaren erakusleihoa izango da kontakizuna eta egilearentzat euskaltasunaren muina bide diren aintzinako lan giroa, familia ohiturak, dantzak eta toberak erakutsiko zaizkigu; dena bertso askoz horniturik emaitza herrikoia izan dadin.

Bere garaiko fruitua dugu nobelatxo hau: kristautasun ofiziala, hizkuntza joera garbizalea, nekazal giroaren goraipamena eta abar puri-purian zeuden sasoiko emaitza.

Hara! Hemen ere Joanes agertu zaigu! Kasualitatea ote?


Hala ere, oso gustura irakurri dut istorioa eta ordubete zoragarria eman dut.

Eskerrik asko, armiarma!


Rafa L.

2013-01-22

EGUNERO HASTEN DELAKO


EGUNERO HASTEN DELAKO
Ramon Saizarbitoria
1968


Gisèle Sergier, filosofia ikasle gaztea, bere laguna den Muaricerekin oheratu da. Gisélek ez daki oso ondo zerk bultzatu duen Mauricerekin sexua izateko, baina ongi aso daki maitasunik ez dagoela tarteko. Haurdun geratu da Gisèle eta egoerari irtenbidea ematen saiatuko da. Ez du egoera absurdu honen fruiturik nahi. Abortatu behar du.
Historiak bakardadearen, neska deslaiaren eta isiltasunaren kutsua izango du. Zalaparta handirik gabe aurrera egiten duen istorio dramatikoa.

Kontakizuna linealki emanda dago; elipsi handiak egiten direlarik kapituluen artean. Kaleko filosofia tartekatuko du kontalariak filosofia ikaslaren historian eta zenbait pertsonaien berriketa etengabeak kontraste handia egingo du narrazioan nagusi diren isiltasuna eta serenitatearekin. Detaile txikietan oinarritutako deskripzio-zertzeladak. Oso pertsonaia gutxi akzioan: paisaia hutsa.

Kontatzeko eragatik eta erabiltzen duen gaiarengatik euskaldun-fededun zintzoak nagusi ziren euskal literaturan sekulako lurrikara eragin zuen nobela da hau. Egun klasiko bat da “Egunero hasten delako” liburua. Irakurri beharrekoa.
Rafa L.
(Seguraski kontakizunean agertzen den lokutorio telefonikoa zer den ez duzu jakingo: galdetu irakasleari!)

2013-01-21

GALBIDEA

Galbidea
James M. Cain
(Igela)


















Liburua hau izugarri gustatu zait. Oso interesgarria eta entretenigarria iruditu zait.
Akzioz betetako istorioa da, eta bertan Walter Huff izeneko batek emakume batengatik gizon bat hiltzen duenean pasatakoak eta horrek ekartzen dizkion arazoak kontatzen ditu. Hilketa xehetasun handiz kontatzen duen arren, orokorrean ez dira deskribapen gehiegi ageri, horregatik liburua ez zait batere aspergarria iruditu.

Edonori gomendatuko nioke, luzea ez izateaz gain, ulertzeko oso erraza delako.

Jone I. 4A 2013-02-19






Istorio hau oso polita eta entretenigarria iruditu zait. Intrigazko istorioa da, amodio eta diruarengatik edozer egin dezakeen aseguru konpainiako gizon bati buruzkoa da, Huff izena du. Hasieran oso aspergarria eta pisutsua iruditu zitzaidan baina erdialdean istorioa interesgarria jartzen hasi zen, eta segituan irakurtzen da erdialdetik aurrera. Bukaera asko gustatu zait. Gainera istorioa nahiko azkarra da ez ditu detaile guztiak esaten inportantena bakarrik. Anima zaitezte irakurtzea gustatuko zaizue !!!

Rodrigo P. 4B  (2006-07)



http://www.igela.com/liburuak/SBeltza/SB-02galbidea.html

2013-01-20

ZETA


ZETA
Alessandro Baricco
Igela






"...eta azkenean bihotzean emango dizut muxu, maite zaitudalako, kosk egingo diot zure bihotz gainean taupaka ari den azalari, maite zaitudalako, eta bihotza nire ezpain artean duzula nirea izango zara, benetan, nire ahoa bihotzean duzula nirea izango zara, betiko, sinesten ez badidazu ireki begiak, ene jauna, maitea, eta begira iezadazu, ni naiz, nork ezabatu ahal izango du inoiz gertatzen ari den une hau, eta jadanik zetarik ez duen nire gorputz hau, ukitzen didaten zure eskuak, begiratzen dioten zure begiak, ..."

Alessandro Baricco


Liburu hau ezberdina iruditu zait. Orain arte ez nuen honen antzeko libururik irakurri. Nahiz eta amodio istorio bat egon, ez du oso garbi erakusten, eta gertakizunak oso azkar pasatzen dira. Asko gustatu zait idazleak neska japoniarra deskribatzeko modua, oso modu berezian deskribatzen baitu, hitz gutxirekin asko esanez. Japonia, berriz, herrialde eder bat bezala irudikatu dut idazlearen hitzen bidez, urmael eta mendiz josia.  Beraz, esan bezala, liburu hau ezberdina edo, agian, "mistikoa"iruditu zait. Asko irakurtzen dutenei gomendatuko nieke, zaila baita nobela honen berezitasuna ikustea ez baduzaude irakurtzen ohituta.

Oihana B. 4.A (2012-13)




Liburu hau bestek baino gehiago gustatu zait, uste nuena baino gehiago. Bertan egia esan ez dira abentura eta pasadizo asko gertatzen baino hala ere interesgarria da. Frantziako Lavilledieu herrian hasten da historia, Herve Joncour Japoniara joaten denean zeta egiteko xixarearen arrautzen bila bertan hainbat gertaera interesgarriak agertzen dira. Garai horretan Japonia gerra baten erdian dago, debekatuta daude gauza asko eta horien ondorioak hilketa iritsi daitezkeena …
Gazte guztiei gomendatuko nieke, polita eta interesgarria izateaz gain gustura irakurriko duzue eta!

Ane U. 4B (2012-2013)




ZETA. Liburu hau asko gustatu zait. Hasiera batean aspergarria izango zela iruditu zitzaidan, baina gero irakurtzen hasi ondoren, kontatzen dituen istorioak entretenigarriak iruditu zaizkit.
Liburuko protagonista, Hervé Jonkour da eta bere aitak berarentzat armadan etorkizun bikaina imajinatua bazuen ere, berak zeta harrak salerosten zituen, hori zen bere ogibidea. Hasiera batean Egipto inguruan erosten zituen, baina gero hainbat arrazoien ondorioz, Japoniara joaten zen. Bertan hainbat gauza gertatzen dira, eta hori da hain zuzen liburuak kontatzen duena.
Liburuak hainbat kapitulu txiki ditu eta erraz irakurtzen da, ez dira elkarrizketa asko ageri, gehiena narrazioa da, baina horrek ez du esan nahi gustatuko ez zaizuenik, nik gure adineko edozeini gomendatuko nioke, dirudiena baino entretenigarriagoa da.


Aiora M.- 4.B (2012-2013)

2013-01-09

ZAUDETE GELDI PIXKA BATEAN

Zaudete geldi pixka batean.
A. Egaña.
(Elkar)
Nola aldatzen diren gauzak...
Idazleak ikastolako garaiko argazki zaharrra topatu du eta oroitzapenen haritik tiraka oso pasadizo sotil eta entretenigarriak eskainiko dizkigu, betirako joandako haurtzaroaren nostalgia pittin batez ondutakoak.
Erraza, politta, kuttuna, entretenigarria... irakurri beharrekoa.
Rafa L.

2013-01-08

EGIAREN JOKOA


EGIAREN JOKOA
Annika Thor
(Elkar)





Liburu honetan koadriletan gertatzen diren haserre, gorroto, jelosiak eta inbidien berri ematen zaigu. Gogorra da lagun bat galtzea eta bada hura berreskuratzeagatik edozer egingo lukeenik ere. Horrelakoa da nobelako protagonista.
Ligeak, festak, eskolako “mobidak”... denetarik dauka liburuak.

Orain artean irakurri izan duten ikasle guztiak oso gustura geratu izan dira. Animatu... eta kontatuko diguzu.

Rafa L.


Hona liburuaren atzeko azalean duzun iruzkintxoa:

Lagunik handienak izan dira betidanik Nora eta Sabina. Ikasturte hau iritsi arte. Orain Fannyrekin dabil beti Sabina, eta Norak hauen kaodrilan sartzeko ahaleginak egin arren, bizkarra emango diote geihenetan. Aldi berean, beregan hurbiltzen da Karin, denek baztertzen duten neska potoloa, baina Norak ez du honen laguna izateko batere asmorik.Adiskidetasunari buruzko eleberri hunkigarri bezain zorrotza da Egiaren jokoa, guk denok ezagutu ditugun sentimendu eta esperientziak ezin argiago agerrarazten dituena: nola giza harremanetan batzuetan biktima eta besteetan borrero bihurtzen garen, nola lagun bat lortzeko beste bat traizionatzeko gauza izan gaitezkeen…

Elkarreko webgunean ez duzu informazio gehiago topatuko.



2013-01-07

TARZAN ETA PANTERA EMAKUMEA



TARZAN ETA PANTERA EMAKUMEA
F. Juaristi
(Aizkorri, 2010)


Aiton-amonekin bizi da Saul. Bere familia gogor astindu du zoritxarrak eta Saulek txikitan ez du bere gurasoak ezagutzeko aukerarik izan. Aitonak eta amonak giro goxoa eskainiko diote etxean; ikastolan oso lagun on eta leialak izango ditu mutilak. Saul zorigaitzak inoiz jo gabekoa dela uste izango dugu narrazioaren hasieran.
Bati eta besteari entzundakoaz, galdetutakoaz eta fantasia handiaz osatzen joango da Saul bere aurrekoen mundua, bere sustraien bila. Eta bitartean, eguneroko bizitza badoa aurrera, eskutatik ihesi: aitona zenduko da eta amonak burua apur bat galdu.

Samurtasun infinituaz kontatzen digu Felipe Juaristik istorioa. Badakigu ez dela benetan gertatutakoa, asmatutakoa dela; baina benetan gure bidean Saul gehiago topa ahal izango bagenu! Protagonistak berarekiko gure maitasuna piztuko du eta osoki egingo dugu bat gaztetxoarekin. Maitasun formato guztiak topatuko dugu: lagunarekikoa, falta zaizkigunekikoa, behar gaituztenekikoa…

Irakurtzean, batzuetan, gure amona zenaren sukaldean egindako pelikula ikusten ari nintzela iruditu izan zait. Oraingo gaztetxook, agian, ez duzue jakingo zer den ekonomika eta ez zarete ibili inoiz Singer zaharrari eragitean amonaren izterretan arri-arri mandoko ibili. Nik bai. Horregatik gozatu dut hainbeste liburu honekin. Bukatu berri zaizuen haurtzaroari lehen begiratu melankoniatsua egiteko liburu aproposa. Guztiz gomendagarria.

Rafa L.

2013-01-06

ULYSSES MOORE - DENBORAREN ATEA




ULYSSES MOORE
-Denboraren atea-
Pierdomenico Baccalario
(Mezulari, 2011)

Julia eta Jason, hamaika urteko neska-mutil londrestarrak, Cornualleseko Kilmore Covera etorri dira bizii izatera. Argo Enea, Ulysses Moorerena izandako etxea, bere jabe abenturazaleak utzitako sekretu, misterio eta ezustekoz gainezka dago.
Juliak eta Jason Covenant-ek herriko eskolan egin berri duten adiskide ausartaren,Rick-en,
laguntza paregabea izango dute ezkutukoak eta isilpekoak argitzerakoan.
Nestorrek,etxean lan egiten duen lorazain zaharrak, lortuko du gazteak Ulysses Mooren
nahi izango zukeen bidetik mugi daitezen eta etxejabe ohiaren borondatea kunplitua izan dadin.

Abenturazko istorioek ohi dauzkaten elementu asko azalduko zaizkigu: liburu zaharrak,
deszifratu beharreko mezu ilunak, sekula ireki gabeko ateak, pasabide ilun eta arriskutsuak,
abandonatutako itsasontziak… Liburuak gaztetxoen egun (eta gau) bakarreko kontakizuna egiten digu eta beste abenturaren atarian utziko gaitu… gehiago jakiteko irrikitan.

Liburua atsegina da, fantasiaz blai, azkar eta gogotsu irakurtzen dena. Kapituluak
motzak eta biziak ditu: ez da batere zaila. Marrazki lagungarri zoragarriak dituena. Abenturazko lehen liburu aproposa izan daiteke. Hau irakurtzen baduzu, jarraipena ere irakurri nahi izango duzu. Horixe gertatu zait niri ere.
Rafa L.


2013-01-04

ZEKENA


ZEKENA
Edo gezurraren eskola
Moliere
(Alberdania / Elkar 2008)


Harpagon, “Zekena”, neska gazte batekin liluratuta dago; baina neskarenganakoa baino badu maitasunik indartsuagoa: bere ondasunenganakoa. Aberatsa da Harpagon eta aberatsago izan nahi du.; gasturik txikiena oinazerik handiena eragiten dio. Edozein gauzatatik atera nahi du diru etekinik: alabaren ezkontza ere negozioa da berarentzat.

Pertsonaiak alde bakarrekoak dira oso sinpleak eta ez oso sinesgarriak: ia karikaturak. Autoreak oso ironia biziaz deskribatzen du bere garaiko hainbat handikien bizi moldea: Molièreri behin baino gehiagotan arazorik ekarriko zion ariketa arriskutsua nonbait.

Lana bost ekitalditan dago banatuta, pertsonaien mugimendu handirik gabe, baina elkarrizketa biziak eta ohizko gaizki ulertuak eta nahasketa barregarriekin.

Aspaldiko obra bada ere, gustura irakurtzen da. Aspaldikoak ez ezik, gaurkoak ere bai baitira Molièrek obra honetan kritikatzen dituen gizasemeen zekenkeria, makurkeria eta jokaera ankerrak.

Literatura Unibertsaleko irakurriko beharreko klasiko horietako bat. Betebehar gustagarria.
Rafa L.


Liburu honetan bi obra daude: "Tartufo" eta "Zekena".
Hurrengo hiruhilabetekoan "Tartufo" proposatuko da irakurgai.

2013-01-03

ARTUR ERREGEAREN HERIOTZA


ARTUR ERREGEAREN HERIOTZA
Egokitzailea: J.K. Igerabide
(Erein, 2005)


Lancelot zaldun gazte ederra Artur erregearen zerbitzari fidela da; bere jaunaren alde edozer egingo lukeena, edonori bere jaunaren kontrako laidorik txikiena biziarekin pagaraziko liokeena. Baina Amodiok bere tranpan harrapatu du zaldun zolia eta Ginebrarekin –erregearen emaztearekin- enamorarazi. Lancelot errudun sentitu eta urrundu egingo da Kamelotetik. Batetik eta bestetik ibiliko da zalduna, abenturaz abentura. Urrutiko gudaldi eta zaldun-lehietan jarri nahi izango du gogoa bere jaun erregeari traiziorik ez egitearren... , baina hain da indartsua Amodio!

Izugarrizko abailan doan istorioaren aurrean gaude: akzioa, solasaldiak, mugimendua. Deskripziorik ez, ekintzak lasterketa zoroan. Beste garaiko pertsonaiak: zaldun nobleak, gerlari bulartsu onberak, printzesa zurbil enamoratuak... leialak, hitzekoak, pasio bizien eraginpean bizi direnak... irrealak, tamalez.

Abentura, abentura garbi eta purua. Kondaira, akzioa... hasi irakurtzen, mugi!!!

Rafa L.

2013-01-02

BEHI EUSKALDUN BATEN MEMORIAK

BEHI EUSKALDUN BATEN MEMORIAK
Bernardo Atxaga
(Pamiela)

















Behietan ere badago ausart eta koldarrik. Mo, behi protagonista, ausartekin bilduko da, bere askatasunaren bila egingo duen bizitza- ibilbidean. Inguruan ikusten duen bidegabekeriaren aurka gogor egingo du; nahiz eta, batzuetan, zaurituta eta apalduta atera trantzetik. Bere bidaiako bukaeran, berarekin alderatuta, guztiz kontrako den pertsonaiarekin egingo du topo Mok (behi handi, malenkoniatsu, iraultzailea; moja txiki, alai eta jainkozalearekin!) eta zorionaren oso gertutik izatera iritsiko.

Bi irakurketa dituen liburuaren aurrean gaude. Helduentzako “haur literatura” deitu genezakeen horren fruitua (Printze Txikia, Animalien Ihauteria... eta beste hainbat bezala). Azaleko istorioaren azpitik, gizakiei buruzko fabula garratza gordetzen du liburuak.

Honelako liburuekin oso esperientzia ezkorrak izan ditugu irakasleok orain artean. Jeneralean ez dira gaztetxoen oso gustuko izaten. Beraz, saiatu zaitezte “barne istorioaren” bila, hor baitago kontakizunaren altxorra. Zinez merezi duela!


Gehiago jakin nahi izanez gero, jo helbide honetara http://www.pamiela.org/
Rafa L.

2013-01-01

HERIOTZARAKO JANTZITA










HERIOTZARAKO JANTZIA
Donna Leon
(Erein, 2009)


            Oporretara joan behar zuen familiarekin Guido Brunetti komisarioak, baina trabesti bat hilik azalduko da orube batean eta poliziak argitu beharko du kasua. Hildako identifikatu eta aztarnak topatu ahala, Venezian etxebizitza lortzeko mafiek martxan dituzten negozio zikinak eta karitatezko erakunde ustelen atzean daudenak ere azaltzen joango dira. Bidean hildako gehiago izango dira. Azkenean kasua argitu argituko da, baina zigorra jende xehe eta arruntarentzat izango da bakarrik. Izan ere, boteretsuak beti atera ohi dira onik legea eta epaileak tarteko badira.

            Brunetti pertsonaia oso gizon arrunta egiten zaigu, oso hurbilekoa. Ez da Iparraldeko beste polizia horiek bezalakoa, ez dago dibortziatuta, ez du gehiegi edaten, ez dauka depresio larririk. Oso bitxia egingo zaiguna –niri, behintzat, gertatu zait- zera izango da Venezia hiria (kanalak, vaporettoak, palazioak…) eta polizia istorio arrunt baten (jazarpenak, tiroak, forentseak…) arteko nahasketa. Ez naiz irakurritako liburuei buruzko filmen ikusi zalea, baina kasu honetan gustura joango nintzateke zinemara.
            Istorioak oso erritmo handia dauka, ordu erdiko irakurketako kapituluetan emanda dago, baina patata frijitu iragarki hark esaten zuen bezala “ezin izango duzu bakarrarekin konformatu”, kontakizunak harrapatu egin zaitu eta gutxienez bi kapitulu irentsiko dituzu irakurraldiko.

            Kontsumorako literaturaz ari gara. Aparteko balorerik gabekoa, baina denbora-pasa atsegina eskain diezagukeena: bidaia bat, oporretako planik gabeko egunak, itxarongelak…
            Gustatu bazaizue ez larritu, Brunetti komisarioak gutxienez beste dozena bat kasu badauzka eta izango duzue non aukeratu. Espero dezagun aurki besteren bat euskaraz argitaratzea.
Rafa L.